Hernialden ere ez dira atzean geratu eta Ama Birjin jai oparoak antolatu dituzte aurten ere. Mezarekin eta txupinazoarekin lehertuko da festa eta elkartean egingo den hamaiketakoarekin segituko dute. Arratsaldea pilota partidez gozatzen igaroko dute eta jai giroa nagusi izango da iluntzean ere, zahagi ardoarekin eta Kupelaren erromeriarekin.
Bigarren eguna ez da gutxiagorako izango. Suziriekin esnatuko dute eguna herriko helduenek. Gainera, herriko trikitilariek alaitutako toka txapelketa eta luntxa ere izango dituzte. Eguerdian, ederki bazkalduko dute ostatuan, eta bingoan jolasean jardungo dute. Beste aukera batzuk ere egongo dira. Esaterako, patata tortilla lehiaketa. Iluntzean, bezperan bezala, zahagi ardoa edukiko dute, baita Baltzola eta Andonegiren erromeria ere.
Haur eta gazteek leku berezia izan ohi dute herriko festetan, eta hala edukiko dute Hernialden ere. Goiza hainbat tailerretan igaroko dute eta neketik errekuperatzeko, bazkaria izango dute. Arratsaldean ere ez dira aspertuko, frontenis txapelketa jolastuko baitute. Iluntze aldera, helduagoak batuko dira festara. Herri afaria egingo dute eta herriko dantzariak nahiz Alurr dantza taldea ikusi ostean, Obaneuke musika taldearekin erromerian igaroko dute gaua.
Azken eguna ere aprobetxatzekoa izango da. Goizean, tradizio handiko ekintza egingo dute: XXXVIII. Sagardo Txapelketa. Guztira, bederatzi sagardotegik hartuko dute parte. Ikusgarriak izango dira 18:00etan hasiko diren herri kirolak ere, eta ez da zahagi ardorik faltako. Festak ederki amaituko dituzte Hernialden, Gabezin musika taldearekin.
EGITARAUA:
ABUZTUAK 15, OSTEGUNA
11:00. Meza.
12:00. Txupinazoa eta suziria.
Jarraian. Hamaiketakoa elkartean.
18:00. Pilota partidak: Orbegozo-Zubizarreta/Iztueta-Arrillaga. Garcia-Amiano/Telleria-Amundarain.
20:30ean. Zahagi ardoa.
Jarraian. Kupela musika taldea.
ABUZTUAK 16, OSTIRALA
Erretiratuen eguna
12:00. Erretiratuek suziriak botako dituzte.
Jarraian. Toka txapelketa eta luntxa, herriko trikitilariek alaituta.
14:00. Erretiratuentzako bazkaria ostatuan.
Ondoren. Bingoa.
18:00. Patata tortilla lehiaketa.
20:30. Zahagi ardoa.
Jarraian. Baltzola eta Andonegi trikitilariekin erromeria.
ABUZTUAK 17, LARUNBATA
Haurren eta gazteen eguna
10:30. May Gorostiaga eta tailerrak: zirkua, burbuila erraldoiak, Maider Alzelai ipuin kontalaria eta Imanol Ituiñoren Magia parrastan ikuskizuna.
14:00. Haurren eta gazteen bazkaria.
17:30. Frontenis txapelketa.
20:30. Herri afaria.
22:30. Herriko dantzariak eta Alurr dantza taldea.
Jarraian. Obaneuke musika taldea.
ABUZTUAK 18, IGANDEA
11:00. Meza.
12:00. XXXVIII. Sagardo Txapelketa.
18:00. Herri kirolak. Inaxio Perurena harri-jasotzen, Pellejero eta Txapartegi aizkoran eta Mikel Lasarteren motozerra erakustaldia.
20:30. Zahagi ardoa.
Jarraian. Gabezin musika taldea.
*Egitarau hau ez da behin betikoa eta aldaketak egon daitezke.