Alaitz Imaz: «Lan luzean lehen aldia izango denez, badut kezka»

Asier Imaz 2018ko eka. 27a, 12:35

Euskal Herriko hiru txapelketa jokatuko dira igandean. 12:00etan, Usurbilen, aizkolariak eta harri-jasotzaileak ariko dira. 19:00etan, Zizurkilen, segalariak. Eli Txertudi, Alatzne Etxaburua eta Alaitz Imazen (Hernialde, 1994) artean jokatuko da Euskal Herriko Sega Txapelketa.

Lehen jardunaldia igandean izango da; bigarrena, uztailaren 15ean Kortazubin.

Euskal Herrian ohikoa izan den moduan ariko zarete segan. Desberdintasuna txapelketaren moduan egongo da, bi jardunalditara jokatuko baita.

Hasieran hiru saio egitea pentsatzen genuen. Eli Txertudi izan da antolatzen aritu dena federazioarekin harremanetan. Berak bultzatu gaitu txapelketa honetara, ideia berea izan baita. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban jokatzea esaten zuen, baina azkenean bitan geratu da. Nola antolatu ere hitz egiten egon gara. Azkenean, egun bateko kiloak bigarrengoari gehituko zaizkiola erabaki genuen. Ligaxka moduko zerbait izango da, beraz. Kanporaketa egiteko ez zigun ematen, hiru segalari bakarrik izanda. Bestalde, puntuaketa baino nahiago genuen kiloka egitea.

Gipuzkoako azkartasun txapelketan bi bakarrik aurkeztu zineten. Gutxienez hiru behar izaten dira. Euskal Herrikoan ere horrela da, ezta?

Bai. Gipuzkoakorako Alatzne eta biok bakarrik geunden. Orain Eli egongo da. Egia esan ez dugu asko ezagutzen bizkaitarra. Sokatira munduan ibili dela badakigu, baina segan berrikuntza izango da.

Bera aritu baldin bada txapelketa aurrera atera nahian, kontuan hartzeko zerbait izango du.

Zer erakutsia edukiko duela pentsatzen dut. Alatzne eta biok elkarren berri badugu, gutxi gorabehera, baina berarekin aritzea berria izango da guretzat. Bestalde, 20 minutuko lana niretzat ere berria izango da. Orain arte azkartasun probetan ibili naiz. Lan luzera nola egokitzen naizen ikusi beharko da.

2O minutuko denbora zer iruditzen zaizu?

Hasiera batean 30 minutuko lana aipatzen zen. Ni izan nintzen 20ra jaistea eskatu zuena. Iraupen luzean niretzat lehen aldia da, eta zer pentsatua ematen zidan.

Nola iritsiko zara igandera prestakuntza aldetik?

Oraindik estutasun edo kezka pixka bat ematen dit, baina prestatu naiz; nirea egin dut. Gero ikusi beharko da zer ateratzen den.

Prestakuntza lanetan entrenamenduak beharrezkoak izaten dira. Segan, gaur egun, ez da hain erraza izaten belardiak lortzea. Nola moldatu zara?

Komeri batzuk izan ditut, baina azkenean nahiko ondo moldatu gara. Handik eta hemendik izan da jendea laguntza eskaini didana eta nahiko ondo moldatu gara alde horretatik.

Zein izan duzu ondoan entrenamenduetan?

Aurreko urteetan Mikel Berekoetxea segalariari arraizten Anoetako Inaxio Sarasola ibili da. Bera aritu zait belarrak bilatzen eta laguntzen. Azken egunetan Iban Pardo segalaria ere laguntzen izan dut. Bi horiekin ibili naiz entrenamenduetan.

Eskertzea zaila den laguntza izaten da hori.

Nire buruari galdetu izan diot: 'Egiten ari direna gero nola eskertu behar diet?'. Ordu pila sartu dute nire ondoan, eta horrez gain, libre egote hori zegoen. Edozein garaietarako geratu eta beraiek prest egote hori. Azkenean nik bakarrik ezin izango nuke hori dena egin. Nola eskertzen da horrela lagundu izana?

Egunean biltzaileak ere behar izaten dira. Erraz osatu al duzu taldea?

Larri ibili naiz taldea osatzerakoan. Hor ere sega mundutik tira dut. Mikel Berekoetxea bera, Joseba Galarraga, Oier Urkola, ezagutzen nituen inguruko baserritar batzuk... Gutxienez baserri inguruko jendea izatea nahi nuen; belarretan aritua edo eskuarearekin noizbait ibilitakoa behintzat. Azkenean osatu dugu taldea eta gustura.

Nork ez dizut esango, baina oso indartsu ikusten omen zaituzte iganderako.

Ez dakit nork esango zizun hori, baina ikusiko da igandean. Ez dakit. Niretzat berria da eta oraindik kezka pixka bat sortzen dit. Ez dakit.

Ezetz ez duzu esan, beraz, esperantzarekin zaude.

Prestakuntza ikusita nire lana egingo dudala iruditzen zait. Hori egiten baldin badut besteen parean ibiltzea espero dut. Alatzne bat Alatzne da, ordea. Segan egin behar zituen guztiak egin ditu. Ez naiz hausartzen Alatzne pasa egingo dudanik pentsatzera. Gutxiago nire lehen aldia dela kontuan hartuta. Baina parean ibiltzeko esperantza hor daukat.

Zizurkildarra gerriko arazoekin dabilela egia da.

Alatznerekin hiz egin dut eta entrenamenduetan zerbait sumatu du, bai. Arazo horiengatik bere punturik onenean ez da aurkitzen, baina...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!