«Seme-alabak izatearen pareko sentsazioa dut proiektu honekin»

Josu Artutxa 2017ko abe. 18a, 07:42

Ez dakizuenontzat, euskarazko NOR-NORI baldintzaren barruan erabili ohi den aditz indikatibo bat izateaz gain, Zatzaizkit, arropen edota laminen diseinuaz arduratzen den enpresa txiki bat da. 2017ko uztailean sortu eta duela hilabete eskas hasi zen lehen eskariak jasotzen. Bertako zuzendari, sortzaile eta diseinatzailea da Beñat Iraola (Hernialde, 1993). Orain, gainera, Arrasateko Mondragon Unibertsitateko fakultatean, irakasle bezala aritzen da lanean, berak bertan izandako esperientzia ikasleek nola bizi duten ikusten.

Beñat, zuk zeuk hobeto azalduko duzu zer den Zatzaizkit bera eta nondik datorren izena.

Jada bi urte dira, proiektua buruan bueltaka nenbilkiela, baina duela sei hilabete, hain justu, uztailaren lehenean eman nion orain duen izena. Diseinu grafikoko ikasketak amaitzean, nire ilustrazio eta diseinu propioak lantzen hasi nintzen, egunerokotasuneko kezka ezberdinetatik ihes egiteko, nire burutapenen isla ziren marrazkiak egiten. Orduan, bñt izenarekin sinatzen nituen lanak. Beranduago, Instagram sare sozialeko kontu pertsonaletik hasi nintzen zabaltzen diseinu horiek. Aurrera begira, ordea, laminetan diseinatu ordez, arropa prenda ezberdinetarako diseinuak egitera bultzatu ninduten lagunek. Beraien esanetan, laminak etxean hautsa hartzen geratu ohi dira eta jertse edota nikiek bestelako erabilera bat dute. Hori entzun eta gero, nire barruan tximeleta batzuk hasi ziren mugitzen.

Diseinu gehienak ingelesez aurkezten baditut ere, kasu honetan, euskarak bere presentzia izan behar zuen, eta gure hizkuntzak hain bereizgarriak dituen «z», «tz» edo «k» hotsak proiektuan bertan egotea nahi nuen. Beti esan izan dut nire diseinuak nahiko abstraktuak direla, amaigabeak, guztiz itxita ez daudenak eta norberak amaitzen dituela. Honetarako, Berri Txarrak taldearen kantuen letretara jo dut; izan ere, Gorka Urbizuk dioenez, norberak bere erara ulertzen ditu beraien kantuetako letrak, eta nire diseinuak ere ideia horretan oinarritzen dira. Zatzaizkit, gainera, zuk niri zerbait egitea da, eta beraz, lehen pertsonaren presentzia nabaria da. Izena asko gustatzen zait, indarra du, jokorako asko eman dezake, eta atentzioa deitzen duen horietakoa da.

Enpresari dagokionez, ni neu bakarrik naiz bertako langilea, nahiz eta amak ere noizbehinka laguntzen nauen, eta oraingoz behintzat, ez dut beste inorekin partekatzeko asmorik. Egia esan, bertan hastean, nik bakarrik jarri behar izan nuen diru guztia, eta oraingoz, bueltan datorkidana ez da beste pertsona bat mantentzeko adinako kopurua.

Baina zenbateraino da eramangarria unibertsitateko irakasle eta enpresaburu izatea aldi berean?

Ahal dudan moduan eramaten ari naiz bi lan-eremuetan ahalik eta hobekien aritzea. Aurtengo udan ekin nion enpresa munduari, eta iraileko lehen egunarekin batera etorri zen bigarren lanpostua, irakaslearena. Egia esan, oso gustura nago, baina neketsua izaten ari da. Arratsaldeko zazpiak aldera heltzen naiz etxera, eta ordu horretatik aurrera, diseinuekin lan egitea egokitzen zait, batzuetan gaueko hamaikak edota hamabiak arte, baita goizaldeko ordu batak arte ere, beste batzuetan. Hasieran, ordu asko sartu behar izan nituen, alderdi ezberdinetan: arroparen kalitatea aukeratzen, kantitateak erabakitzen, guztia paketetan sartzen… Hala ere, orain, hilabete batzuk beranduago, errazagoa egiten zait lan ezberdinak uztartzea, enpresaren kasuan, gestioan zentratuta nagoelako. Niri behintzat, diseinuak %10a besterik ez dit eskatzen, gestioak, berriz, gainerako %90a.

Arrasaten ikasketak, Torinon egonaldia Erasmus bekari esker, eta Masterra burutzean, Madrilgo Telefonica enpresan lanean. Horrenbeste mundu ikusteak, zerbaitetan lagunduko zizun ezta?

Bai, beti da ona horrenbeste lekutan aritzea. Hala ere, bada gauza bat, oso garrantzitsua, guzti honetatik ikasi eta ikusi ahal izan dudana: hemen zeinen ondo bizi naizen ohartzea. Kanpoan egonaldi horiek burutzeak, hemen zer nolako bizi-maila ona dagoen ikustea ahalbidetu dit, eta zentzu handi batean, horregatik itzuli naiz hona, ez nuelako pentsatzen, Madrilen edota Torinon geratzea. Torinoren kasua oso bestelakoa da. Hiri handia da, baina bizitzeko eta lanerako jarrera oso lasaia da, oso italiarra. Madrilen, eta hain justu Telefonica bezalako enpresa batean lan egiteak, begiak gehiago irekitzera behartu ninduen, munduan jende eta aukera gehiago dagoela ikusi ahal izateko. Hala ere, erritmo aldetik, hemen baino lasaiago egiten nuen lan.

Orduan, bñt izeneko proiektuarekin abiatu nahi izan zenuen, zure izenari gorazarre egin nahian edo.

Izan liteke. Masterrari ekin bezain pronto hasi nintzen proiektu honekin lanean. Beti sentitzen nuen behar bat, nire barrenetik gauzak, ideiak eta sentimenduak plazaratzeko. Askok, dantzaren edota futbolaren bitartez ateratzen dituzte beren ahalmenak. Nik, aldiz, diseinuari esker egin dezaket hori. Horregatik, eta joko pixka bat eman nahian, nire izena hartu, eta izen hori sortu nuen, bokalak kenduz, kontsonanteek osatzen zuten terminoa gustatzen zitzaidalako. Orain, esaterako, Zatzaizkit markako produktu eta diseinuak ZTZZKT izenarekin ere sinatzen ditut, joko horri segida emanez.

Zuk aipatzen duzunez, Zatzaizkit metodologiaren bitartez egiten duzu lan. Nolako funtzionamendua du metodo honek eta zer dela eta egiten duzu horrela?

Gehienbat, buruhauste batzuen ondoren, eta arropa saltzen hasi behar nuela ohartu nintzenean, enpresa handien modu berean lan egitea oso zaila zela ikusi nuelako hartu nuen erabakia. Izan ere, gehienek, stock bidez egiten dute lan, arropa beraien saltoki edo webguneetan behin eta berriz berritzen delarik, baina, Zatzaizkit bezalako ideia baten kasuan, sekulako inbertsioa eskatzen zuen metodologia horrek. Ondorioz, eta nik bost modelo edo diseinu ezberdin ditudala ikusita, nire burua beste era batera merkaturatu behar nuela ohartu nintzen, beste ideia edo prozesu batekin.

Horrela funtzionatzen du Zatzaizkit metodologiak: Hilabetean behin, hiruzpalau egunetan zehar irekitzen dut nire denda (birtuala), eta interesa duen orok, bertan egiten du eskaera, epe horretan. Behin erosketa guztiak eginda, nire lana ekoiztea izaten da. Kanpoko enpresa batekin harremanetan jartzen naiz eta jendeak eskatzen didana beraiei bidaltzen diet. Normalean, pixka bat gehiago izaten da, aldaketak edota itzulketak egoten direlako. Gero, enpresa horrek, bi asteren barruan ematen dit erantzuna. Ondoren, arropa edo prenda horiek niri iristen zaizkit eta etiketak jarri behar izaten dizkiet. Lan hori egiten, amak laguntzen dit [barreak]. Azkenak, packaging-a eta bidalketa fasea izaten dira. Nire ingurukoei eskura ematen dizkiet eskariak, poltsatan sartuta, baina kanpotik eskatzen dituztenei, babesarekin bidaltzen dizkiet arropak.


Esaterako, abenduko lehen asteburuan, erreserbak burutzeko aukera izan zen. Zenbat jenderen eskaerak espero zenituen eta zenbaterainoko erantzuna izan du?

Lehenengo pre-order edo eskaera fasean, hirukoiztu egin nituen aurreikusita nituen eskaera kopuruak, eta beraz, oso gustura geratu nintzen. Oraingo honetan, berriz, ezjakintasun betean nengoen. Ez nengoen ziur eskaerak aurrekoan baino gehiago izango ziren edo aurreikusitako zifretan ibiliko ziren. Egia esan, erantzuna positiboa izan da eta hiru egun besterik ez zirela kontuan izanda, emaitzari begiratu eta balorazio ona egiten dut. Aurreko epean baino eskaera gutxiago jaso ditut, baina pixkanaka izena eta produktua zabaltzen ari direla ikusi dut, estatu mailan jaso ditudalako eskaera horietako batzuk.

Enpresa berria izanik, zein prozesuk eragin du kostu gehien hasiera honetan?

Hasieran, kalitate oneko arropa lortzen xahutu dut diru gehien. Merkaturatu aurretik, neu aritu nintzen jertse eta niki ezberdinak probatzen, garbitzen, garbitu ondoren txikitzen ote ziren ikuskatzen, aproposena zein zen erabaki arte. Esan daiteke, arropa kontuetan, aditu bihurtu naizela.

Teknologia berrien gizartean bizi garela diote, eta zentzu horretan, sare sozialek sekulako eragina izan dute, batez ere, Instagram sare sozialak. Hor ere aurrerapauso bat ematea erabaki zenuten.

Halaxe da. Diseinu ezberdinak, nire kontu pertsonala erabiliz, publiko egiten hasi nintzen, nahiz eta ez zuen bestelako eraginik izaten. Izen berria sortzean, marka horrek, profil berri bat behar zuela erabaki nuen, erabat bestelakoa izango zena. Gaur egun, sare sozialei esker, diseinu eta modelo ezberdinak, mundu osora iritsi daitezke. Aprobetxatu beharreko abantaila da. Duela gutxi, adibidez, Torinoko egonaldian ezagutu nuen lagun baten eskaera jaso dut Txiletik.

Zabaltze prozesu horren barruan, eta nazioartera iritsi nahian, ingelesak ere badu bere tokia, ezta?

Bai. Ingelesa, lehen hizkuntza bezala erabili ohi dut nire publikazioetan. Hala ere, guztiek ulertzea nahi dudanez, hiru hizkuntzetan idatzia dut nire webguneko informazio interesgarriena: euskaraz, ingelesez eta gazteleraz. Diseinuari dagokionez, ingelesak bere tokia du, unibertsala kontsideratzen den hizkuntza delako eta mundu osora hedatzea nahi dudalako, ez Euskal Herri mailara soilik.

Hori dela eta, ikusi duzu, inguruko jendearengan eragina izan duela enpresaren eraketak, edo oraindik goiz da horrelakorik bizitzeko?

Entzun izan dut jendea honi buruz hitz egiten, diseinuengatik galdezka, eta Villabonan esaterako, gehienbat bertan ibiltzen naizelako, Zatzaizkit ezizenagatik ere aldatu didate nire berezko izena, eta horrela deitzen naute. Bestetik, duela gutxi, lankide batek, Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio batean, bere atzean eserita zegoen ikusleak, nik diseinatutako kamiseta bat jantzita zeramala ikusi zuela esan zidan. Grazia handia egin zidan. Erritmoari begiratuz gero, ez dut inongo presarik, ezta presiorik ere, eta pixkanaka noa aurrera. Prozesu berri baten hasiera da, oso gustura ari naiz eta kolpe indartsuak eman gabe joan nahi dut hobetzen.

Eta hobetze prozesu horretan, zein adinetako jendearengana iritsi nahiko zenuke?

Erabat irekita nago, edozein adinetako jendearen beharrak asetzeko. Izan 20, izan 50, 40 edota 15 urteko edonor. Guztientzako dago aukera, laminetan diseinu ezberdinekin, eta taila ezberdinetako jertse zein kamisetekin. Aurreko batean, esaterako, Telefonican lankide izan nuen 50 urteko pertsona batek jertse bat erosi zidan. Ez dakit konpromisoagatik izan zen edo gustatu zitzaiolako, baina behintzat horrelakoak dira eman beharreko urratsak, nahi dudan bidea eraiki ahal izateko.

Amaitzeko, zuk diozunez, Zatzaizkit kontzeptua, zure egin nahi zenuen, nolabaiteko erlazioa sortze aldera. Nire egite horrek zer esan nahi du?

Zatzaizkit nirea da. Nire diseinu propioek osatzen dute proiektua. Lagunartean, beti esan izan dut, seme-alabak izatearen pareko sentsazioa dudala enpresa honekin. Nik neuk sortu nuen, nola ari den hazten ikusten ari naiz, eta nik markatzen dut bere bidea, lan eta zaintza gehiago edota gutxiago noiz behar duen ikusten. Enpresarekiko eta diseinuarekiko maitasun puntu bat dut, lotura estu bat mantentzen dugulako. Zatzaizkit hazten ari den une berean, ni ere hazten eta gauza berriak ikasten ari naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!