Hernialdeko Andramariak 2017

Traka lehertu arte, ospatzen

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko abuztuaren 11

Abuztuaren 13an hasi, eta umeen egunarekin jarraituko dute Hernialden; festa giroa, hilaren 15ean itzaliko da.

Suziria lehertuz hasiko dituzte, aurten ere, hernialdeko Andre Mari jaiak. Abuztuaren 13ko eguerdian izango da hori, igandez, eta ordu berean ospatuko da meza nagusia, izen eta ospe handia hartzen ari den sagardo txapelketa ospatu baino lehen.

26. urtez jarraian ospatuko da sagardo onenaren lehia, eta aurten, inguruko 9 sagardotegi ezberdin aurkeztuko dira, sagarrari zuku onena nork aterako dion erabakitzeko. Ondoren, Axier Pellejero eta Urtzi Olasagastiren laguntzaz, zenbait herritarrek herri kirol emanaldia eskainiko dute. Sagardoa edatearekin nahikoa ez eta, iluntzean, zahagi ardoa egingo dute, Ezten giro taldeak, herria dantzan jarri aurretik.

Biharamunean, gaztetxoenak izango dira nagusi herrian, astelehenean ospatuko baita umeen eguna. Goiz guztian zehar, puzgarriak eta zezentxoekin jolas egiteko aukera izango dute 10:30eatik aurrera. Eguerdiko umeen bazkariaren ondoren helduko dira dantzasaltsa eta haurren dantzaldia. Gauean, berriz, Iker Zubeldia eta Angel Larrañaga bertsolariek alaituta, herri guztia elkartuko da batera afaltzeko, eta ondoren, Kupela taldearekin erromeria izango da, goizeko ordu txikiak bitarte.

Azken eguna indartsuena izango da. Abuztuaren 15ean ospatuko da Ama Birjin eguna, eta meza nagusiarekin hasiko dute. Gero, herriko elkartean hamaiketakoaz gozatzeko ordua helduko da, arratsaldean, herriko dantzariek eskainiko duten emanaldiaren aurretik sabela berdintzeko aukera izango delarik. Iluntzean, zahagi ardoa egingo dute, Iratzar erromeri taldearen trikiti doinuak entzun, eta 00:00etan, festei amaiera emango dion traka lehertu aurretik.

Ikusi hemen egitaraua.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!