Iban Ugartemendia, segundo batengatik

Ataria 2016ko abe. 13a, 11:31

Hernialdetarrak 26 jasoaldi eman dizkio 200 kiloko harri errektangularrari, Xabier Aranburu Guztak baino bat gehiago.

Apustu ikusgarria jokatu zuten Iban Ugartemendiak eta Xabier Aranburu Guztak igandean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Azken segundora arte emozioa egon zen, eta hain justu, segundo horrek erabaki zuen jokoa nork irabazi zuen. Epaile batek txilibitua jotzen zuen bitartean, besteak eskuarekin nulu esan zuen. Ondorioz, hirugarren txanda horretan Guzta zortzi jasoaldirekin geratu zen. Horrek apustua galdu zuela esan nahi zuen. Jasota zuen harria txukun berdindu izan balu, apustua ere berdindurik geratuko zen. Hau da, irabazlerik gabe. Horrela adostua baitzuten bi aldeek.

Iban Ugartemendia 123 kilorekin joan zen apustura. Xabier Aranburu 121ekin. Biek 200 kiloko harri errektangularra jaso behar zuten, sei minutuko hiru txandatan. Alde bakoitzak 5.000 euro jarri zituen jokoan. Txanpona airera bota, eta Guzta-ren alde atera zen. Hauek atzetik hastea erabaki zuten. Ondorioz, hernialdetarra hasi zen lanean. Lehen txanda horretan 10 jasoaldi egitera joan ziren, eta baita lortu ere. Gustura zen Ugartemendia txanda horren amaieran. Xabier Aranburuk bere saioan ere 10 jasoaldi eman zizkion harriari, eta dirua oraindik bere alde zen.

Bigarren txandan, Ugartemendia 10 egitera joan zen, baina azken minutuan, 8.aren ondoren, bi jasoaldi egiteko ez zegoela esan zien Hernialdekoak Iruretagoienari eta Landarbideri. Bakarra ziurtatzera joan ziren, eta 9 jasoaldirekin amaitu zuten txanda hori. Oraingoan ez zen gustura joan aldageletara Ugartemendia. Guzta indartsu hasi zen bigarren txandan. Dirua ordea parean zen. Laugarren jasoaldian etorri zen ezustekoa, epaileak nulua eman baitzion Aranbururi. Eta ondoren berriro nulu. 7 jasoaldirekin geratu zen Urrestillan bizi den idiazabaldarra bigarren txanda horretan.


Ugartemendiatarrak apustua poltsikoan ikusten zuten. Zortzi jasoaldi nahikoak zituzten horretarako, eta zazpigarren jasoaldira arte ondo joan zen dena. Hor erabaki bat hartu beharrean ikusi ziren, bi jasoaldiren bila joan, edo bakarra ziurtatu. Zalantzak azaldu ziren, eta horrelakoetan gertatzen den bezala, ez bata eta ez bestea. Biren bila joan ziren, baina Ugartemendia ezinean geratu zen, eta harri eta guzti jauzi zen aurrera. Zorionez ez zuen minik hartu. Denbora amaitzear zen eta beste saiakera bat egin arren, alferrikakoa izan zen. 7 jasoaldirekin geratu zen hirugarren txandan Ugartemendia. Guztira 26. Guzta-k 9 jasoaldirekin apustua berdintzen zuen, eta 10ekin irabazi. Bigarren txandan gertatu zena ikusita, zaila izango zuela ematen zuen marka on bat egitea. Baina bikain hasi zen, eta jasoaldiak bata bestearen atzetik etorri ziren. Zortzi jasoak zituen, eta berdinketarena geratzen zitzaion. Denbora ere bazuen, baina goran buelta ematea kosta egin zitzaion, eta sorbaldan berdintzen ari zela, txilibitua jo zuen epaileak. «Segundo batengatik» esaten zuen ondoren Guztak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!