Hernialden bilduko dira baserritar eta artisauak

Ataria 2016ko maiatzaren 6a

Igande goizean, frontoian izango dira postuak ikusgai eta arratsaldean, 18:00etan, asto desafioa egingo dute.

Laugarren urtez egingo dute Hernialden Nekazari, Abeltzain eta Artisau Azoka. Igandean, herriko pilotalekuan, 10:00etatik 14:00etara jarriko dituzte postuak baserritar eta artisauek. Igaro Balda alkatearen esanetan, «eskualdeko jendea ere gerturatuko da bere produktuak erakustera. Hori bai, abere guztiak herrikoak izango dira». Frontoiaren atzealdean erakutsiko dute herriko bospasei abeltzainek euren ganadua.

Duela bi urte bezala, baserriko lanabes zaharren erakusketa ere egingo dute igandean. «Norberak etxeko ganbaratik berreskuratzen dituen tresnekin osatuko da erakusketa», Baldaren esanetan.

Asto desafioa arratsaldean

Herriko festetan, Hernialdeko Galardi baserrian bizi den Eneko Seinek apustua jokatu zion Joxe Mari Olasagastiri. Seinek bi astoak, Olasagastiren idiaren aurka. Abuztuan, Igeldora joan zen saria. «Horrelako desafioek ikusmin handia sortzen dute», dio Baldak eta horregatik erabaki dute errepikatzea.

Igandean, 18:00etan, Seinen asto parearen eta Errezilgo Koateiren asto bakarraren arteko desafioa jokatuko da, 550 kiloko harriari tiraka zeinek plaza gehiago egin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!