Aurkeztu diezaguzu udaletxean lanean arituko den talde berria.
2011tik bostek jarraitzen dugu. Talde berria osatzeko, bi zinegotzi berri behar genituen eta zerrenda osatzea asko kosta zaigu. Aurreko abendutik jardun dugu lan horretan eta azkenean bi lagun berri bildu zaizkigu, jaiotzez britainiarra den Richard James eta 22 urteko Lierni Esnaola gaztea.
Alkate bezala egingo duzun azken legealdia dela esan duzu publikoki.
Bai, errelebo hori bultzatu nahi nuke, hamabi urte alkatetzan ematea urte asko direlako. Zinegotzi jarraitu edo ez pentsatuko nuke, baina alkate bezala nire azken lau urteak izango dira.
Duela zortzi urte oso egoera berezian hartu zenuten udala. Buelta eman diozuela esango zenuke?
Bai. 2007an sartu ginenean gauza asko egin behar izan genituen eta 2011rako Plan Orokorra lantzen hasi ginen; aurreko maiatzean onartu genuen. Oinarri bat dugu, dagoeneko, datozen legealdiei begira.
Zein da Hernialdeko Udalaren egoera ekonomikoa?
Aurreko legealdia izan da okerrena ekonomikoki. Diputaziotik itzulketa bat eskatu zitzaigun eta horrek egoera ekonomikoa baldartu zigun. Lau urteak kontuan hartuta, ordea, superabita daukagu eta egoera ekonomikoa ona dela esan dezaket. Hala ere, urteroko aurrekontuan, 60 mila euroko margena dugu inbertsio berriak egiteko, eta hori ez da ia ezer. Eskerrak, Foru Aldunditik lanketa handia egin duten lau urteetan, inbertsio plan berezi bat atera dute urtero mila biztanletik beherako herrientzat. Horri eskerrak zenbait inbertsio potolo egin ahal izan ditugu.
Zein inbertsio bideratu dituzue azken lau urteetan?
Lehentasunak markatu nahi izan ditugu. Adibidez, 1996tik berritu gabe zegoen parkea berritu dugu. Ur depositu baten hoditeria aldatu dugu eta ur ekarrera berri bat egingo dugu iturri batetik depositura, 2015ean zabaldu duten laguntza lerroari esker.
Etxebizitza berriak egingo dira Hernialden?
1998tik ez da etxebizitzarik egin herrian. Bertako gazteak hemen geratzea da helburua. 350 lagun inguru bizi gara hemen eta inguru horretan mantendu nahi genuke populazioa. Zona urbanoa zehaztuta dago eta orain dagoen eskaeraren arabera, proiektu berriak eraiki ahal izango dira. Hemen kalean, aurreko etxebizitzen jarraian egingo dira berriak. Hala ere, gurea, landa munduko herria denez baserri bakoitzean bi etxebizitza egiteko aukera ere jasota dago Plan Orokorrean.
AHTaren lanek zenbateko kalteak eragin ditu Hernialden?
Guk lehenengo berria udaletxean, 2004ean izan genuen. Gero sorpresa handia jaso genuen, hondakindegi bat aurreikusita zegoelako udaletxe azpialdeko lursail batzuetan, non baserritarrentzako lurrak dauden. Azkenean lortu genuen, hondakindegi hori Hernialden ez egitea horretarako mila bilera egin ondoren. Alkiza eta Anoetarekin elkarlanean, Alkizako terreno aldapatsu bat egokitu zen betelan hori egin, zelaitu eta beste aprobetxamendu bat emateko. Zuloaren kontua ere suertatu zitzaigun duela gutxi eta hori ere tapatuta dago. Obrak amaitzeko gutxi falta zaiela esaten dute baina guri informazio gutxi edo ia bat ere ez zaigu iristen.
Parte hartzen al du jendeak udaletxeko kontuetan?
Zenbait gairekin gehiago gerturatzen da. Hondakin edo uraren gaiarekin ere biltzen zaigu jendea bileretara. Orokorrean, nahi baino gutxiago; baina jendea gogaitu gabe informazioa eman eta jendearen parte hartzea sustatu behar dugu.