Gogoz bota zuen euria pasa den astean eskualdean. Ordu askotan atsedenik gabe, goitik behera egin zuen euria eta egun umelak ailegatu ziren gurera, urtero lez. Bere egoerak lehendik ere konfiantza gutxi ematen bazuen ere, askok eta askok esaten zutena berretsi dute euriteek: Hernialdeko zuloa handitzen ari da.
Aldapa malkartsuan aurkitu zuen AHTko lanek sortutako zuloak eguzki izpiak bertara sartzeko bidea. Zuloaren inguruko lurrak hezetasun handia zuten ostiralean, aste horretako euriaren ondorioz ere bai. Lehendik ere ur asko dagoen inguruak direla esaten zuten inguruko bizilagunek. Baina itxi dute zuloaren ingurua, hesitu dute. Zuloa irekitzen ari den bitartean, hesiz inguratu dute Adrian Tolosaren lurra eta hesiak katez lotu dituzte, bere baimenik gabe.
Bere lur hezeetatik barrena, hesiarekin topo egin baino lehen, iturri bat topatu daiteke. Menditik barrena ura barreiatzen da eta garai batean arropa garbitzeko erabiltzen zen askaren arrastoak ere ikusi daitezke. Bertatik ibiltzea ere zailtzen du egun hauetan sortutako hezetasunak. Aldapa horretan zuhaitz ugari daude. Horietako asko duela hogei urte inguru izandako luiziak geratzeko asmoarekin landatu ziren eta funtzio hori betetzen dute gaur egun.
Honela, zuloak ez ditu hazteari uzteko edo egonkortzeko faktore egokienak inguruan. Lanen ondorioz sortutako amildegiaren ertzetik metro parera, bertara erortzen den lur soinua entzun daiteke. Makinen martxa gelditzen denean ere, ura entzun daiteke bertatik. Zuloa handitzen ari da eta erraz antzeman daiteke, lurren jabeari berari ere onartu diote dagoeneko.
Aurreko ostegunean bildu zen Adrian Tolosa, zuloa agertu zen lurren jabea, AHTko lanetako ordezkariekin. Igaro Balda Hernialdeko alkatea ere egon zen Hernialdeko udaletxeko hitzorduan. Hantxe onartu zieten zuloa handitu egin dela eta oraindik arazoa nola konpondu aztertzen ari direla. Estudio geoteknikoak egiten ari dira, moduren batean hala bestean zuloa estaltzeko asmoz. Ahalik eta azkarren tapatu nahi dute zuloa.
Honela, zuloa desagertzeko posible den aukeretako batek bost metro zabaleko pista eraikiz zulorainoko bidea egin beharra suposatzen du. Hori azaldu zieten bilerara azaldu ziren ordezkariek Adrian Tolosari eta Igaro Baldari. Hiru hilabetetarako lana aurreikusten dute eta zuloa lurrazaletik estaltzean tematuta jarraitzen dute. Honetarako, eta lurrak duen pendizari jaramon handirik egin gabe, lurrengatik bi urteko alokairua eskaini diote Adrian Tolosari. Bi urte horietan, alokatutako lurra obren baitako langileek soilik zapaldu ahal izango lukete eta bertako begetazioaren zati bat desagertu egingo litzateke pista eraikitzeko lanen ondorioz. Lur jabeak, berriro ere gogoratzen du landatutako zuhaitz askok duten funtzioa lurrari eusteko garaian.
Bi urteko alokairuaren ordainetan eta botako dituzten zuhaitzengatik 3.000 euro pasatxo eskaini dizkiote Tolosari. Denbora hau eta gero lurrak egoera egokian ez badira geratzen desjabetu egingo luketela ere esan diote. Ez diote bermatzen zuloa estaliz gero lurra ongi geratzea eta egoerari probetxua ateratzeko esan zioten: «Honela, akaso, bi aldiz kobratuko duzu». Diru gutxi hori ez da arazoaren irtenbidea berarentzat eta proposamenaren aurrean «zur eta lur» geratu zen hernialdearra.
Erantzunen bat eman beharrean galderak egin zizkien, ordea, bere lurra zulatua duen jabeak. Bere galderei erantzutean, alokatuta dagoen bitartean, gertakariren baten aurrean berak ardurarik ez lukeela izango esan zioten arduradunek. Lanak ondo amaitu eta lurra berari bueltatuz gero, bi urteko «bermea» izango lukeela ihardetsi zioten, baina ez zekiten ziur egoera zein izango zen juridikoki. Aitzitik, lur horiek ondo geratzeko askoz ere urte gehiago behar dituztela aurreikusiz, urte gehiagotarako bermea nahi du Tolosak.
Bilera horretan onartu zioten lehen aldiz Adrian Tolosari lur sail horretan zundaketarik ez zutela egin. Paradoxa ederra, bere garaian horixe esan baitzion Tolosak berak lanak hasi aurretik ordaintzera azaldu zen arduradunari. Urriaren 28an TOLOSALDEKO ATARIAri emandako elkarrizketan aurreratu zuen hori jabeak honakoa esanez: «Zundaketa orokorrak egiten ari zirenean gizon bat etorri zen zundaketa egin zutela eta ordaintzen ari zirela esaten. Nik hemen zundaketarik ez zutela egin erantzun nion, lur hauetara makinarik ez zela sartu. Berak baietz esan zidan, ni ez nintzela konturatu eta makina txikia zela. Zundaketak egiterakoan markak nabarmen geratu ohi dira baina lur sail honetan ez zuten markarik utzi». Egia ezkutatu zioten Tolosari.
Berari ezer ez diotela ezkutatu nahi esan zioten AHTko lanen ordezkariek osteguneko bileran, dena garbi nahi dutela. Ez du iritzi hori Adrianek: «Gauzak ez dituzte argi esan nahi; ez zer gertatu den, ez zein arrisku dauden ezta zer gertatu litekeen ere».