«Tunelaren oinarritik behera ere zuloa dagoela esan didate»

A. Imaz/I. Agirre 2014ko urr. 28a, 10:43

Informazio oso gutxi jaso du Adrian Tolosa hernialdetarrak bere lur sailean AHTaren ondorioz agertutako zulo handiaren inguruan.

Gizon lasaia den arren, kezkatuta dago Adrian Tolosa (Hernialde, 1958) bere lurretan gertatzen ari denarekin. Egoera filosofiarekin hartu badu ere, erantzunik gabeko galdera asko ditu.

Nola ohartu zinen zuloaren existentziaz?
Ilobaren mutil lagunak eman zidan zuloaren berri. Lur hauetan ahuntzak ditu berak eta gaueko leherkataren baten ondorioz edo azaldu zen zuloa urriaren 7ko goizean.

Zulo handi hau sortu baino lehen zuk bazenuen beraren berri.
Hasiera batean lau edo bost metroko diametroa zuen zulo bat azaldu zen. Ez zen oso handia.

Zer egin zenuen hori ikusitakoan?
Lan hauetan dabilen Anoetako bati abisatu nion zuloa handitzen ari zela. Konturatu zirela esan zidan eta kasu egitekotan geratu ziren. Lehengo astelehenean, hilaren 20ean, animaliak lurretik ateratzeko esan zioten ilobaren mutil lagunari traktorearekin zebilela. Honek, gutxienez lurren jabeari abisua emateko esan zien langileei. Nirekin kontaktuan jarri ziren AHTaren zati honen lanetan ari diren enpresen arduradunak eta hilaren 21ean Asteasura joateko esan zidaten.

Zer esan zizuten Asteasun?
Lurraren azpian dagoen harria kareharria dela esan zidaten eta koba natural bat agertu zela, urak harria jan ondoren sortua. Nik ez nuen ezer esan baina urak harria jaten badu, gaineko lurra hondoratu egiten da eta orain arte, hemen, ez zen sekula lurra hondoratu edo zulorik sortu.

Hasierako zuloa sortu zenean hesitu egin zuten ingurua.
Bai, hesi txiki batzuekin inguratu zuten zuloa eta ez zidaten abisatu.

Ez dizute gauza handirik esan orduan.
Ez. Zulora gerturatzen naizen bakoitzean ikusten ditut egiten ari direnak. Lasai egoteko soilik esan didate, lanak orain geldi daudela eta. Honetaz gain, tunelaren oinarritik behera ere zuloa azaldu zela esan zidaten. Ez dakit egia ala gezurra den... Ez dut ia informaziorik jaso honen inguruan.

Zuloa nola ixteko asmoa duten esan dizute?
Ahal badute behintzat zuloa behetik estaltzeko asmoa dute. Lur gainetik estali nahi badute, aldi baterako desjabetzeak egin beharko dituzte eta hau ekidin nahi dute.

Zer ikusten duzu zuloa ikusterakoan?
Arriskua ikusten dut euria eginez gero. Euriarekin lurra erori eta zuloa handitzeko arrisku izugarria dagoela iruditzen zait.

Zer pentsatzen duzu lur saila jasaten ari den aldaketen inguruan?
Zer pentsatu behar dut nik! Lurra behintzat lehen bezala ez da jarriko. Gerora zer gerta daitekeen eta lurra nola utziko duten ere ez dakit. Noren ardura izango da gerora lur hau hondoratzen bada?

Zerk harritzen zaitu gehien istorio honetan?
Errepidetik ikusten da mendiari moztutakoa ez dela harkaitz garbia. Lehergailuak jarri aurretik ikusi beharko zituzten egon zitezkeen arriskuak. Barrutik ikusi ez dudanez ezin dut eztabaidatu honen inguruan arduradunekin.

Anekdota bat ere baduzu zuloarena gertatu baino lehen.
Zundaketa orokorrak egiten ari zirenean gizon bat etorri zen zundaketa egin zutela eta ordaintzen ari zirela esaten. Nik hemen zundaketarik ez zutela egin erantzun nion, lur hauetara makinarik ez zela sartu.Berak baietz esan zidan, ni ez nintzela konturatu eta makina txikia zela. Zundaketak egiterakoan markak nabarmen geratu ohi dira baina lur sail honetan ez zuten markarik utzi. Orain ikusi daiteke marka!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!