Lau pertsona atxilotu dituzte Hernialden

Ataria 2014ko urtarrilaren 10a

22 eta 28 urte arteko lau gizonezko atxilotu dituzte gaur goizaldean Hernialdeko enpresa batean brontzezko piezak eta kobrezko kableak lapurtzeagatik.

Gaur, goizaldeko hirurak jota, Hernialdeko enpresa batean lapurretan ari zirela jakinarazi diote Ertzaintzari eta Tolosatik Hernialderako bidean, patruila bat ibilgailu susmagarri batekin gurutzatu da eta lau gizon zihoazen ibilgailua gerarazi du.

Agenteek identifikatu egin dituzte lau gazteak eta autoa miatu ostean, eskularruez eta erremintez gain, maletategian mekanizatzeko brontzezko piezak eta kobrezko kablea aurkitu dituztela jakinarazi dute.

Bitartean, beste patruila bat ustezko lapurreta egin den lekura abiatu da. Enpresako leihoetako bat bortxatu eta bulegoa hankaz gora jarri dutela egiaztatu dute. Ibilgailuan aurkitutako materiala enpresa horretakoa zela egiaztatu ostean, ertzainek lau pertsona horiek Ertzaintzaren Tolosako egoitzara eraman dituzte atxilotuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!