Bihar izango da azken eguna Gazteluko Asteburu Kulturaleko jardueretan izena emateko

Ostatuan eman behar da izena babarrun lehiaketan parte hartzeko eta baita bazkarian parte hartzeko ere. Artisautza eta bertako produktuen azokarako zein jubilatuen bazkarirako, berriz, udaletxean eman behar da izena.

Asteburuan kultur jarduera ugariz gozatzeko aukera izango dute gazteluarrek, udalak antolatutako egitarau zabalari esker. Egitaraua ostiralean hasiko da. 20:00etan pintxo dastaketa egingo dute Erroizpe elkartean, eta 21:30ean AsierK umoristaren bakarrizketaz gozatzeko aukera izango da leku berean.

 

Larunbatean, jarduerak goizean hasiko dira. 11:00etan Altxorraren bila jolasa egingo dute plazan, eta 13:00etan babarrun lehiaketa izango da Erroizpe elkartean. 14:00etan, berriz, kulturartekotasuna izango da protagonista, Errumania, Pakistan, Nikaragua eta Euskal Herriko gastronomia biltzen dituen bazkaria egingo baitute ostatuan. Arratsaldean, 17:00etan, txokolate jatea egingo dute Erroizpe elkartean, eta 19:00etan DudikP taldearen kontzertua izango da ostatuan.

 

Igandean, artisautza eta bertako produktuen azoka egingo dute plazan, 11:00etatik aurrera. 14:00etan, jubilatuen bazkaria izango da ostatuan, eta eguna amaitzeko, 18:00etan, The Mitchells vs Machines filma eskainiko dute eskolan.

 

Izen-ematea, azaroaren 3ra arte

 

Zenbait jardueratan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Babarrun lehiaketan eta bazkarian parte hartzeko, ostatuan egin beharko da izen-ematea, 697 35 28 00 telefono zenbakira deituta. Artisautza eta bertako produktuen azokarako zein jubilatuen bazkarirako, berriz, udaletxean eman beharko da izena, 943 20 52 00 telefono zenbakira deituta. Izena emateko azken eguna azaroaren 3a izango da. Hiru eguneko egitarauaren bidez, herritarren arteko elkargunea eta kultur aniztasuna sustatu nahi dituzte, aisialdia eta herri giroa uztartuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!