Eguna argitzerako lanak aurrez eginda zituzten Gaztelun, atzo atondu baitzuten plaza gaur hasi dituzten Andre Mari jaietarako. Haur jolasak izan dituzte goizean, eta eguerdian, urtero moduan, txalaparta doinuekin eman diote hasiera txupinazoari. Ondoren, aurten Gaztelura bizitzera joan diren herritarrak omendu dituzte. Oskar, Javi, Irati eta azken bi hauen semea Oliver izan dira aurten Gaztelura bizitzera joan direnak. Agurra dantzatu diete, eta festetako zapi eta lore sorta bana eman diete.
Ondoren, haiek hartu dute hitza. Lehenik, Oskarrek bertso dotorea bota du:
Kaixo Gaztelu hementxe gatoz
festei emanez abia
Bachatako irakasleak ta
Arritegiko torpia
herri honetan aurkitu dugu
zerutik gertu habia
ta_eskertzen dugu bihotz-bihotzez
zuen ongietorria
zaharrak ta berrik, denen artean
egingo dugu herria (bis)
Segidan, Javik eta Iratik esker hitzak izan dituzte herritarrentzat. Javik gaztelaniaz hitz egin du: «Eskerrik asko ongietorriagatik, eta ez kezkatu, datorren urtean berriro hitz egitea egokituz gero, euskaraz egingo dut». Iratik gogora ekarri ditu herritarren zenbait ekintza eta anekdota, baina batez ere gazteluarrek duten ekimena eta alaitasuna nabarmendu ditu. «Beti dago zerbait egiteko, beti dago planen bat. Nola da posible hori 170 biztanleko herri batean? Horrez gain, zerbait txarra gertatuz gero, alaitasuna hautatzen duzue beti. Oso zaila da hori, ez da ohikoa. Hitz gutxitan esanda, alai eta pozik bizitzea erabakitzen duen herria da Gaztelu».
Horrela amaitu da txupinazoa, eta jarraian toka txapelketa egin dute. Lehenik, haurren mailakoa egin dute, eta ondoren, helduena. Gero, haur eta gazteek elkarrekin bazkaldu dute.
Honakoa izango da arratsalderako egitaraua:
- 15:00. Herriko festen kartelaren marrazketa tailerra.
- 17:30. Txokolatea.
- 18:00. Elektrotxaranga.
- 21:00. Herri afaria Ostatuan.
- 23:30. Zezen suzkoa.
- 00:00. Kontzertua: Hekthorri.