ELKARRIZKETA

«Zirrara handia eragin zigun espazio honek historikoa delako»

Leyre Carrasco 2026ko ekainaren 30a

Bi urteren ostean berriro zabaldu dituzte ostatuko ateak Gaztelun, eta horretarako ardura hartu du Ibarrako Bizi Nahi Elkarteko kudeatzailea den Rizwan Alik. Harrerarekin pozik agertu da.

Jatorriz pakistandarra da, baina duela zenbait urte Azkoitira joan zen bizitzera eta egun Ibarran bizi da Rizwan Ali. Jon bezala ezagutzen dute bertan, eta hemendik aurrera hala izango da ezagun Gaztelun ere. Izan ere, herriaz maitemindu ostean, bertako ostatuko ardura hartu du Alik. Duela bi aste jarri zuen martxa zerbitzua eta izandako harrerarekin pozik, proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.

Zergatik animatu zinen Gazteluko ostatua hartzera?

Ikaztegietako ostatua hartzeko eskaera aurkeztu berri genuen, baina ez genuen zorterik izan, eta handik gutxira jakin genuen norbait behar zutela Gazteluko Ostatuaren kudeaketarako. Ia bost urte daramatzat Ibarran, eta beti entzun izan dut jendea Gazteluko herriaren ingurua hitz egiten, baina ez naiz inoiz hemen egon; Leaburun, Belauntzan edo Berrobin bai, egon izan naiz, baina Gaztelun ez. 

Ostatua ikustera etorri ginen eta zirrara handia eragin zigun espazio honek, historikoa delako eta pena handia eman zidan horrelako leku bat itxita egoteak. Instalazioak izugarriak dira, espazio zabala da eta berrituta dago. Gainera terraza du eta hemengo klima ezin hobea da, aire garbia arnasten da eta ez dago kutsadurarik. Hori ikusita, ez nuen zalantzarik izan, eta honekin saiatzea erabaki nuen. Gazteluko Udalak dena oso erraz jarri digu eta asko lagundu digu tramite guztiekin. Alde horretatik ezin gara kexatu. Gainera, herritarrek ostatua irekita egoteko gogo handia zutela esan ziguten, eta harrera ikaragarria izan da.

Duela bi aste inguru zabaldu zenituzten ostatuko ateak inaugurazio festa batekin. Zer moduz joan zen?

Egia esan, oso ondo. Gazteluko herritar gutxi batzuk aurretik ezagutzen nituen Ibarrako lokalera etortzen direlako, baina gainontzekoak ezezagunak ziren niretzat, eta inaugurazio festan hain ondo hartu ninduten, aspaldidanik ezagutuko banitu bezalako giroa sortu zela. San Joan bezperako egunean herriko plazan egin zuten afarira gonbidatu gintuzten eta oso gustura egon ginen, herrikoak sentitu ginen.

Oraindik martxa hartzen ari zarete, baina zer moduz joan dira egun hauek?

Oso ondo. Oraindik gauza asko ditugu antolatzeko, baina dagoeneko hainbat bazkari eta afari antolatu ditugu eta jendea oso sentsazio onarekin joan da. Herriko zein inguruko gazte jende asko etorri da, eta oso pozik gaude izaten ari den harrerarekin.

Konturatu naiz jendeak oroitzapen asko dituela leku honekin, eta denborarekin jakin dut lokal honek jende asko mugitu izan duela beti eta uste dut erabaki egokia hartu dudala. Joan den egun batean Donostiako gizon bat etorri zen, eta kontatu zuenez, duela 40 urte asko etortzen zen ostatura, eta ilusio handia egin zion berriro zabalik zegoela jakiteak, oso oroitzapen onak zituelako.

Zer da bertan eskaintzen duzuena?

Oraingoz karta baino ez dugu eskaintzen, oso ekonomikoa eta sinplea dena, baina aurrerago menua ere eskaini nahi dugu. Kartan, besteak beste, errazioak ditugu, kroketak, txipiroiak, asko saltzen diren hegaltxoak, era guztietako tortillak –urdaiazpiko, onddo, txanpi, bakailaoa…–, plater konbinatuak ere baditugu –saihets-hezurra, solomoa, bularkia, xerra, eskalopea, txuleta…– edota denetariko ogitartekoak. Bezero batek aparteko zerbait nahi badu, hala nola, paella edo oilasko errea, enkarguz eskatu beharko du, baina ez dugu arazorik beste zerbait egiteko.

Asteburu goizetan hamaiketakoa eskainiko dugu, goizeko paseoa ematen dutenek, ondoren tripa bete dezaten. Horretako, hemen Euskal Herrian sakratua den salda beroa, txorizo pintxoa edo haragi egosia izango ditugu. 

Zein produktu mota izango duzue?

Nik beti herriko merkatarien alde egin dut eta Gaztelun ere halaxe egingo dut. Horregatik, herriko produktuekin egindako platerak eskaintzen ditugu, besteak beste, arrautzak, esnea, letxuga edo tomateak herriko nekazarienak dira. Herriko jendearekin talde txiki bat sortu dugu eta edozein beharren aurrean azkar konpontzen didate; alegia, produkturen bat gabe geratzen banaiz, azkar batean ekartzen didate, eta luxu bat da produktu fresko horiek edukitzea. Familia bat sortu dugu, bihotzez laguntzen digutenak eta hori eskertzekoa da.

Zein ordutegi izango duzue?

Asteazkenetan arratsaldez irekiko dugu, eta ostegun, ostiral, larunbat eta igandeetan goiz eta arratsaldez, 11:00etatik aurrera. Igandeetan lehenago zabalduko dugu eta ostegun arratsaldeetan, pintxopotea egiten dugu. Horretarako, musika jartzen dugu eta giro oso ona sortzen da. 

Espazioari dagokionez, zer iruditzen zaizu?

Instalazioak berriak dira, eta hori eskertzekoa da kalitatezko zerbitzu bat eskaini nahi baduzu. Gainera, espazioa oso handia da, eta oraindik antolatzeko daukagun arren, etorkizun batean ahalik eta etekin gehien atera nahi diogu. Horretarako, urtebetetze festak, bataioak, jaunartzeak edota ezkontzak antolatzeko aukera eskaini nahi dugu. Horrez gainera, herritarrentzako bilera gela bat ere jarri nahi dugu, eta hilabetean behin kontzerturen bat antolatu nahiko genuke, baina hori herritarrek aukeratu dezaten nahi dugu. Hori dena ondo antolatu nahi dugu eta txukun jarri nahi dugu herriari bizi gehiago emateko.

Orain, udan sartu berri garela, horrelako terraza izatea luxu bat dela esan dezaket, baina euria egiten duen egunetarako zerbait jarri nahi dugu, hori estali ahal izateko eta bezeroek eremu horretaz gozatzen jarrai dezaten. Gainera, ez da ia autorik pasatzen, eta leku segurua da.

Ostatuak espazio berezi batekin kontatzen du gainera; museoa. Zer iruditzen zaizu?

Espazioari beste xarma bat ematen diola uste dut, eta jendeari asko gustatzen zaio. Hemengoek ezagutzen dute, baina egunotan kanpotik etorri diren herritar guztiak hori ikustera animatu dira eta denei asko gustatu zaie.

Nortzuk osatzen duzue lantaldea?

Familiakoak gara guztiak, eta momentuz ez dugu inor gehiagoren beharrik. Ibarran ere halaxe ari gara eta orain arte ondo moldatu gara gure artean; beraz, ez dut uste hemen ere inongo arazorik izango dugunik.

Ibarrako Bizi Nahi elkarteko kudeaketarekin ere jarraitzen duzue. Nola ari zarete antolatzen bi espazioak aurrera ateratzeko?

Hemen hasiberriak garenez eta oraindik lan handia egiteko dagoenez, Gaztelun igaroko dut denbora gehien, eta momentuz nire anaia arduratuko da Ibarrako zerbitzuaz. Hala ere, Gaztelun gehiago egon arren, han ere izango naiz tarteka, laguntzen.

Nola egin daitezke erreserbak?

Hona etorrita zuzenean edo ostatuko zenbakira deituta: 697 352 800.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!