Gazteluko Ostatua kudeatzeko lizitazioa zabalik

Ataria 2026ko apirilaren 22a

Gazteluko Ostatua hartzeko interesa dutenek maiatzaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dituzte proiektuak.

Gazteluko Ostatua hartuko duen ostalari baten bila dabiltza, eta dagoeneko lizitazioa martxan da. Eider Olazar alkateak adierazi duenez, «paraje dotorean dago herriko ostatua, Tolosatik 6 kilometrotara eta instalazio eraberrituekin». 

Terraza ederra du kanpoan, bezeroen erakargarri nagusienetako bat izan daitekeena, baina ez bakarra, barruan herri kiroletako erakusketa bat ere topatuko baitute bisitariek. Jangela aparta du, alkateak zehaztu bezala, «berrogeitik gorako jatunentzat lekua duena» eta askotariko jokoekin leku bat ere aurkitu daiteke bertan.

Lanerako sukalde ederra dauka ostatuak, eta bertako produktuak eskaintzeko txokoa ere atondu dute. Atsedenerako gunea ere izango dute langileek, «atsedena har dezaten eta baldintza ezin hobeetan lan egiteko». Erraztasunak ere jarri dituztela jakinarazi du alkateak, «alokairu oso merkea eta laguntza gastuetan».

Izen-ematea

Gazteluko Ostatua hartzeko interesa dutenek maiatzaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dituzte proiektuak. Informazio gehiago lortzeko edo baldintzen berri izan nahi dutenek udalarekin jarri beharko dute harremanetan, 943 20 52 00 zenbakira deituta edo udala@gaztelu.eus helbide elektronikora idatzita. Pleguak udalaren web orrian –Gaztelu.eus– daude ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!