elkarrizketa

«Azken tantoa egitean barruko tentsio guztiak joan zitzaizkidan»

Ataria 2026ko martxoaren 25a

Murua eta Gabirondo garaikurrekin.

Ez zuten euren burua finalean ikusten, baina, txapela janztea lortu dute Arkaitz Gabirondok eta Ander Muruak. Sekulako oparia dela esan du gazteluarrak.

Bi urte beteko dira gaur profesionaletan debutatu zuenetik, eta pozik egoteko moduan dago Arkaitz Gabirondo (Gaztelu, 2004). Ander Muruarekin bikotea osatuta, Serie B txapelketa irabazi du. Peña II.a tolosarraren eta Salaverri II.aren aurka 18-22 irabazi zuten larunbatean, Bergarako pilotalekuan jokatu zen finala.

Txapela nahikoa ospatuta, honezkero, ezta?

Bai. Egun zoragarria izan zen. Guztia borobil irten zen, eta ondo ospatuta geratu zen txapela. Afari ederra egin genuen. 140 pertsona inguru elkartu ginen, eta ondoren Arrasaten geratu ginen. Finala jokatu aurretik hitz egin genuen nola egin afaria guztiok elkarrekin, hau da, Ander Muruaren eta nire gertukoak guztiak batera. Polita izan zitekeela pentsatu genuen, eta oso ondo atera zen.

Oraindik ajerik bai?

Gaur [atzo] prestatzaile fisikoari badaezpada jai eskatu diot lasaiago egoteko. Bihartik [gaurtik] aurrera jarriko gara berriro martxan.

Profesionaletan txapel 
bat irabazita, zer sentsazio dituzu?

Azken tantoa egin genuenean barruko tentsio guztiak joan zitzaizkidan, eta asko erlaxatu nintzen. Sekulako poza hartu nuen. Frontoian ere sekulako giroa zegoen. Orain, finaletik bi egun pasa direnean, lasaiago nago. Batetik, txapelketan bertan sartzea garrantzitsua izaten da. Gero, aipatzekoa da exijentzia handiko txapelketa izan dela, maila oneko pilotariekin. Ander eta biok, agian, ez dugu horien adinako izenik, baina, partidaz partida konfiantza hartzen joan gara, eta azkenean finalera iritsi eta txapela lortu dugu. Sekulako oparia da guretzat.

Nori eskaini diozu txapela?

Amona Maritxuri eta aitona Jexuxi eskaintzen diet. Egunero-egunero eurengana joaten naiz bazkaltzera. Aitonak txikitatik beti lagundu izan dit, entrenamendu guztietan egon izan da, inoiz ez dit presiorik sartu eta beti laguntzeko prest egon da. Amona, berriz, emakume umila eta langilea da, beti laguntzeko dagoena . Uste dut txapela beraiei eskaintzea merezi dutela. Horretaz aparte, finalean esan nuen moduan, finalera joan ziren guztiei eskerrak eman behar dizkiet emandako babesagatik, herriko jendeari, kuadrillakoei eta familiakoei. Frontoian hainbeste aldeko mezu ikustea ikaragarria da. Giro aparta zegoen. Bihotzez eskertzen diet guztiei.

Txapel gehiago ere iritsiko dira.

Bai, jendea hasi zait esaten gehiago etorriko direla, baina, oso zaila da. Txapelketak oso luzeak izaten dira, eta zaila da finalera iristea. Orain lortutakoarekin disfrutatzea tokatzen da. Bihartik [gaurtik] aurrera entrenatzen hasiko gara, eta orduan helburu berriak zehaztuko ditugu.

Finala ikusi al duzu berriro?

Ikusi dut, bai. Partidaren amaieran aurkariak nola gerturatu zitzaizkigun ikustean ostera urduri jarri nintzen. Partida oso polita izan zen.

Partida bera nola duzu 
gogoan?

Batetik giroa nabarmenduko nuke. Giro oso polita zegoen. Nire jokoari dagokionez, pilota ondo mugitzen nuela nabari nuen, txisparekin. Anderrek ere, beti bezala, gogor egin zuen lan. Bazirudien nahiko bideratuta genuela txapela, baina Peña pixka bat sartzen hasi zenean, oso arriskutsu zegoen, pilotakada bakar batekin tantoak amaituz. Une horretan partida gogortu egin zen. Ikusten ari nintzen gerturatzen ari zirela, eta larritzen hasi ginen. Ni, tentsio maila horrekin, nekatzen hasi nintzen. Bi tantoren aldearekin jarri ziren, eta bukaeran 18-20 ere bai. Beraz, bukaeran oso larri ibili ginen.

Zein izan da txapelketa 
irabazteko gakoa?

Ander eta biok oso ondo batu gara, ondo ulertu dugu elkar. Finalean, atzean Salaverri kargatu behar zela ikusten genuen. Hori esango nuke izan zela irabazteko puntu nagusia.

Txapelketa honek ze garrantzi izan du zure ibilbidean?

Pilotari bezala hazi egin garela txapelketa honetan esango nuke. Txapelketa hasieran ez genituen gure buruak finalean ikusten, eta are gutxiago txapelarekin. Baina, oso sentsazio onekin ibili gara, konfiantza hartuz, eta gora egin dugu.

Aurrera begira, zer duzu 
buruan?

Orain, buruz burukoa hasi da. Atzelari izanda ez dut jokatuko, eta gainera hobe, ez baitut inoiz jokatu. Gaur egungo jokamoldean, gainera, atzelari bat goian aritzea ia ezinezkoa da. Beraz, enpresak jarritako partidak jokatuko ditut txapelketa hori bukatu bitarte. Hortik aurrera, udari begira ilusioz nago, partida politak izaten baitira.

Lehen mailako partidarik jokatzeko aukera ikusten duzu?

Udan aukera gehiago egoten da horrelako partidak jokatzeko. Enpresak jarri izan dizkit partidak lehen mailako pilotariekin. Horregatik, ilusio puntu hori izaten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!