Gaztelun 38 urtez bizi ondoren Ibarrara joango direlako, eta herritarren artean oso maitatuak direlako, Esteban Pagola eta Ester Susperregi senar-emazteek jaurtiko dute aurtengo festetako suziria.
Txupinazoa jaurtitzeko berria nola jaso zenuten? Eta nola hartu zenuten albistea?
Esteban Pagola: Herriko afari batean esan ziguten zer asmo zuten, eta Eider Olazar alkateak jakinarazi zigun guk jaurtiko genuela txupinazoa. Une hartan pixka bat hunkitu ginen, eta aldi berean, ustekabe handia izan zen guretzat, ez baikara Gaztelun denbora gehien bizitzen daraman bikotea.
Egun horretan zein izango da zuen egitekoa?
Ester Susperregi: Jakinarazi digutenez, egunean bertan izango dugun egiteko bakarra txupinazoa jaurtitzea izango da. Gainerakoan, herriko jaiez gozatzea izango da gure eginkizuna.
Zer dela eta hautatu zaituzte?
Susperregi: Esan genezake, 38 urteren ondoren Ibarrara bizitzera jaitsiko garelako hautatu gaituztela. Gainera, Gaztelun bizi izan garen urteetan, herriko jendearekin harreman ona izan dugu beti eta horrek ere lagunduko zuen erabakia hartzerako garaian.
Zer dela eta hartu zenuten Gaztelura bizitzera etortzeko erabakia?
Pagola: Tolosan bizi ginen, baina gure ilusioa beti izan zen baserri batean bizitzea, eta pixka bat mundu horretan murgildu nahi genuen. 1987. urtean orain gure baserria den Hosto Txikira bizitzera etortzeko aukera suertatu zitzaigun. Hasieran borda bat zen, eta obra egin ondoren egokitu genuen. Guk beti kalean egin dugu lan, baina baserria guretzat hobby moduko bat izan da beti.
38 urteren ondoren zergatik hartu duzue herria uzteko erabakia?
Pagola: Alde batetik, zahartzen ari garelako. Oraindik gazteak gara, baina hemendik hiruzpalau urtera baliteke gure osasuna oraingo egoeran ez egotea. Bestetik, Hosto Txiki baserria mantentzeak lan handia dakar, eta Ibarran biok bizitzeko moduko pisu batean biziko gara, etxea mantentzeko askoz ere lan gutxiago duena. Erabaki hau hartzea asko kostatu zaigu, eta oraindik ere zalantza egiten dugu erabakia egokia izan den edo ez.
Zer izan da zuentzat Gaztelu bezalako herri batean bizitzea?
Susperregi: Esperientzia zoragarria izan da. Tolosatik Gaztelura zazpi kilometroko bidea dago, baina kilometro horietan dena aldatzen da. Paisaia, bizitzeko modua eta jendea bera, besteak beste. Beste mundu bat da, eta hirigunetik kanpo bizitzeko aukera eman digu.
Zein izan da zuen bizipenik politena herrian?
Pagola: Momentu polit asko bizi izan ditugu herrian, eta bakar batekin geratzea zaila da. Hala ere, oro har, herritarren arteko giroarekin geratuko nintzateke. 2002. urtean ostatuta itxi egin zen, eta nik, beste bi familiekin batera, asteburuetan ostatua berriz irekitzeko ardura hartu nuen. Esperientzia hori ere oso bizipen polita izan zen. Urtebetez lan egin genuen bertan, eta ondoren mexikar batzuk hartu zuten ostatua.
Zer da Gaztelutik gehien faltan botako duzuena?
Pagola: Dena botako dugu faltan, gure bizitza osoan gogoratuko ditugu hemen igaro ditugun 38 urteak. Herri honek duen lasaitasuna, natura eta paisaiak zoragarriak dira.