Euskaraldiak eta Udaberri Festak bat egingo dute

Ataria 2025eko maiatzaren 14a

Gazteluko Udalak, ohi moduan, Udaberri Festa egingo du maiatzaren 24an. Aurtengo edizioak, ordea, Euskaraldiarekin bat egingo du eta egitarau oparoa prestatu dute.

Maiatzaren 24an, larunbatean ospatuko dute Udaberri Festa Gaztelun. Bertan, ume jolasak, kontzertua eta bakarrizketa saioa izango dira, besteak beste. Horrez gain, ikasturte honetan martxan jarri den herri dantza taldearen emanaldia ikusteko aukera ere izango da, Alurr dantza taldearekin batera. Eguerdian, gainera, bazkaria egingo dute eta hara joan nahi dutenek aurretik eman beharko dute izena udaletxean, maiatzaren 20a baino lehen.

Aurtengo Udaberri Festak Euskaraldiarekin bat egingo du, eta herritarrek gaur izango dute bertan izena emateko azken eguna, Euskaraldiko webgunean edo Gazteluko udaletxean. Horrez gain, gaur, txapen banaketa ere egingo dute plazan, 19:00etatik 21:00etara. Gaur txapa jaso ezin duten herritarrek, ostegun goizean ere horiek jasotzeko aukera izango dituzte udaletxean.

AUZOLANA LARUNBATEAN

Herrian beharrezkoak diren hainbat lan egiteko bolondresak eskatu ditu udalak. Lanen artean, besteak beste, balio anitzeko gunea pintatu, gazteen erabiltzeko txokoa atondu, frontoi atzeko komunetako fatxada txukundu eta parkeko egurrak barnizatuko dituzte. Bolondresak, larunbatean, 8:30ean elkartuko dira plazan.

EGITARAUA

  • 11:00. Ume jolasak, herriko plazan.
  • 12:30. Dantza ikuskizuna, herriko plazan. Gazteluko dantza taldea Alurr dantza taldearekin.
  • 14:30. Parrila jatea, herriko plazan.
  • 17:00. Kontzertua Ahantzi taldearen eskutik, herriko plazan.
  • 19:30. Bakarrizketa Bea Egizabalekin, 'Magma mia', Erroizpe elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!