ELKARRIZKETA

«Ez nekien honek zenbaterainoko lana ekarriko zuen»

Leyre Carrasco 2024ko abe. 5a, 07:59

Amets Otegi argazkilari gazteluarrak bi jertse sortu ditu berak ateratako argazkiekin; eskaerak 'online' bidez egin behar dira eta aurtengo azken aukera igandea izango dela azaldu du.

Bere lanak janzteko aukera zabaldu du Amets Otegi (Gaztelu, 2004) argazkilariak. Izan ere, berak ateratako argazkiekin bi jertse sortu ditu gazteluarrak; Astur eta Zintzilikatu. Gazteluko asteburu kulturalean egin zen azokan jarri zituen salgai, lehen aldiz, eta orain, eskaera online bidez egiteko aukera zabaldu du. Igandera arte izango da aurtengo azken eskaera egiteko aukera.

Nola izan zenuen honetarako ideia?

Azkeneko elkarrizketan aipatu nuen moduan, merchandisinga ateratzeko gogoa nuen eta ideia horrekin hasi nintzen. Sare sozialetan jarraitzen didatenei galdetu nien ea zer gustatuko litzaiekeen ateratzea eta gehienek jertseak nahi zituzten, beraz, hala egin nuen. Hala ere, ez nekien zenbaterainoko lana ekarriko zuen honek.

Bi diseinu egin dituzu; 'Astur' eta 'Zintzilikatu'. Nondik jaiotzen dira?

Astur-en kasuan, beti amestu izan dugu nire bikotekideak eta biok mendi punta batean esnatzen garela, leihoa ireki eta ahoa zabalik uzten dizun paisaia bat dugula aurrean, galdutako herri txiki batean. Ideia horri tiraka eskolako lan baterako diseinua sortu nuen adimen artifizialaren bidez. Ondoren detaile batzuk moldatu nituen eta hortik sortu zen Astur.


Zintzilikatu, berriz, Gasteizko pisukidearengatik sortu da. Izan ere, Gasteizen ikasten dut eta han bizi naiz ere. Bertako etxean atzeko patio bat dugu beste lau eraikinekin elkarbanatuta, eta ohartu nintzen bizilagun guztiek arropak hor zabaltzen zituztela guk izan ezik. Guk beti aurrealdean zabaltzen ditugu, eguzkiak bertan ematen duelako. Bitxia iruditu zitzaidan eta argazkiak ateratzen igaro nuen arratsalde osoa.

Zer adierazi nahi dute?

Astur hitza Asturiasen oinarrituta dago. Aurtengo udan Asturiasen izan naiz eta ohartu nintzen goi mailatako herri txiki horiek hemengo herri txikietakoen kutsu antzekoa dutela. Alegia, Gaztelu bezalako herri txiki galduak ere badaude han bertan, eta hortik atera nuen Astur. Gainera, Astur izenak ere lurra esan nahi du, beraz, ez nizkion buelta gehiago eman. Zintzilikatu-ren kasuan, hitzak argi dio zer esan nahi duen.

Nolakoa izan da sortze-prozesua?

Hasiera oso zaila izan zen. Jertseak egiten zituen denda bat gertu lortu nahi nuen eta jendearentzat merkea izatea nahi nuen. Gainera, gaur egun bertako dendetan kalitatea ere kontuan hartzen da, baina hori dena oso garesti ateratzen da. Lagun batek serigrafia denda baten berri eman zidan, non geroz eta jertse gehiago eskatu merkeagoa ateratzen zen. Beraz, geroz eta jertse gutxiago eskatu garestiagoa aterako da. Hala ere, hortik egitea erabaki nuen kolore gama zabala eskaintzen zutelako.

Horrez gain, diseinu guztia maketatu behar izan nuen eta hor ere arazoak izan nituen. Izan ere, logoa jertsearen aurrealdean agertzea nahi nuen baina oso garesti ateratzen zen eta dena leku berean agertzea erabaki nuen. Gainera, jertseak interneten saltzen jarri aurretik Gazteluko azokan postua jartzeko asmoa nuen, eta azoka batean postua jartzen nuen lehen aldia zenez, horrek ere buruhausteak eragin zizkidan.

Gaztelun jarri zenuen postua lehenengo aldiz. Nolako harrera izan zenuen?

Ondo, sare sozialen bidez jarri aurretik Gazteluko asteburu kulturalaren bueltan antolatzen den azokan saldu nahi nituen. Gaztelu herri txikia denez jendea etortzea nahi nuen, azoka hori urtero egiten delako eta giro ona egiten badu oso azoka polita izaten delako. Beraz, jendeari gonbita luzatu nion. Izan ere, sare sozialen bidez nire jertseak promozionatu nituen eta esan nuen horiek Gazteluko azokan soilik egongo zirela eskura. Askok idatzi zidaten ezin izango zutela gerturatu, baina hala ere, herritar asko gerturatu ziren eta ilusioa handia egin zidan. Giro oso polita egin zuen eta oso gustura aritu ginen.


Hemendik aurrera azokaz azoka ikusiko zaitugu?

Ez daukat oraindik ezer pentsatuta baina beste azoketan parte hartzea gustatuko litzaidake.

Nola egin daiteke eskaera?

Nere Instagramean (@bizipoztu) agertzen den galdetegiaren bidez edo bizipoztu@gmail.com helbidera idatzita. Aurtengo azken eskaera egiteko epea igandea izango da.

Diseinu gehiago ateratzeko asmoa duzu?

Datorren urteari begira diseinu gehiago ateratzeko asmoa dut, izan ere, jendeak beste diseinu batzuk proposatu dizkit oso interesgarriak iruditu zaizkidanak, baina printzipioz hauek biekin jarraituko dut.

Ekitaldiz ekitaldi ere aritzen zara argazkilari moduan. Zein beste proiektu dituzu esku artean?

Merchandisingarekin hasi nintzenean hilabeteroko helburu batzuk zehaztea erabaki nuen, eta horietako bat erakusketa bat egitea izan zen. Etortzeko zeuden ekitaldien artean ikusi nuen datorren larunbatean, abenduaren 14an, Xuhar Herri Plataformak antolatutako elkartasun jaialdia egingo dutela Villabonan. Ni bertan izango naiz argazkiak egiten, beraz, momentua hori izan zitekeela pentsatu eta proposamena bota nien antolakuntzakoei. Jaialdiaren baloreak eta alde gizatiarra erakutsi nahiko nuke, baina zerbait ezberdina izatea nahi dut, hau da, ez dut argazki erakusketa soil bat izatea nahi. Antolakuntzakoek baiezko borobila eman zidaten, eta azkenean, jaialdira joango garen argazkilari guztiek sortuko dugun ikus-entzunezko erakusketa bat izango da. Argazki, bideo eta soinuen bidez sentsazio ezberdinak eragiteko asmoa dugu, baina zoritxarrez, atzo, bideoak egin behar zuenak huts egingo duela jakinarazi zidaten. Hala ere, ziur zerbait polita eraikiko dugula.

Noiz eta non egingo duzue?

Gabonen ostean egingo dugu, Villabonako leku goxo batean. Ni Iratzar herriko tabernan aritu nintzen lanean eta azkenaldian bertan kultur ekitaldi asko egiten dituztenez, leku aproposa iruditu zitzaigun bertan egiteko..

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!