Gazteluko ikasleak finalistak, Arnasetik bideo lehiaketan

Ataria 2024ko abe. 4a, 07:58

Eskualdeko zortzi udalerritako ikasleek eman dute izena, eta Tolosako Orixe ikastolako lau gazteluar DBH 1-2 kategorian iritsi dira finalera 'Gazteluko festak' izeneko lanarekin.

Arnasetik bideo sormen lehiaketaren hirugarren edizioari amaiera eman zioten aurreko ostegunean, Bergarako Seminarixoan. UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako Arnasa Gara ekimenaren barruan kokatzen da eta euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburua du.

Amaia Ruiz de Galarreta eta Esti Curiel aktoreek gidatu zuten sari banaketa ekitaldia eta 250 pertsona baino gehiago bildu ziren Bergarako Seminarixoko aretoan. Bertan, UEMA, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Bergarako Udalaren ordezkariek sei sari banatu zituzten denera.

Kategoria bakoitzeko bideo onenaren sariei dagokienez, LH 5-6 kategorian, Berriatua HLHI ikastetxeko ikasleek jaso zuten saria Elizpeko Arbola bideoagatik. Bergarako Udalak, kategoria honetan lehiatutako herriko bideo onena ere saritu nahi izan zuen eta Aranzadi Ikastolako ikasleek eraman zuten saria, Txokorako Bidean lanarengatik. DBH 1-2 kategorian, Azkoitia BHI ikastetxeko ikasleek jaso zuten saria Gabon Maiteak bideoagatik. Kategoria honetan, gainera, Tolosako Orixe ikastolako Gazteluko lau ikasle iritsi ziren finalera Gazteluko festak lanarengatik. Haizea Larrañaga, Irati Tome, Mari Olazar eta Xare Iriondo izan dira sortzaileak.

DBH 3-4 kategorian, Ondarroa BHI ikastetxeko ikasleek jaso zuten saria Leokadi bideoagatik. Kategoria honetan ere herriko bideo onena saritu nahi izan zuen Bergarako Udalak, eta Mariaren Lagundia Ikastolako ikasleak izan ziren sarituak, Nor Miresten duzu zuk? lanarengatik.

Publikoak bozka bidez hautatutako bideo onenaren saria, berriz, Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolako Txokorako Bidea bideoak irabazi zuen.

EDIZIO JENDETSUA

Hirugarren edizio honetan 260 lan jaso direla jakinarazi dute antolatzaileek, aurreko edizioan baino 148 gehiago. Gainera, publikoaren saria hautatzeko bozketa-epea 4.200 bozka baino gehiagorekin itxi zuten.

Arnasetik lehiaketa arnasguneetan bizi diren ikasleei zuzenduta dago, «haien hizkuntza-ohituren inguruan hausnarketa egin dezaten». Horregatik, edizio honetan, arnasguneetan dauden ikastetxeez gain, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeek ere parte hartu dutela gaineratu dute antolakuntzatik.

Hala, Euskal Herri osoko 40 udalerri inguruko ikasleak izan dituzte aurtengo edizioan, eta tartean, eskualdeko zortzi herritako ikasleek parte hartu dute. Horiek dira, hain zuzen, Adunako, Amasa-Villabonako, Anoetako, Gazteluko, Ikaztegietako, Irurako, Tolosako eta Zizurkilgo ikasleak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!