Gazteluko jaiak 2024

Gaztelu jaietan sartu da

Leyre Carrasco 2024ko abuztuaren 14a

Atzo egin zuten barrikotearekin eta Manex Astigarragaren bakarrizketa saioarekin sartu ziren gazteluarrak jai giroan, baina gaur eman diote festari hasiera ofiziala. Joxe Mari Etxeberria, Milagros Etxeberria, Iñaki Oiarbide eta Goretti Oiarbide herritarrak omendu dituzte.

Martxan dira Gazteluko jaiak. Aurten, Joxe Mari Etxeberria, Milagros Etxeberria, Iñaki Oiarbide eta Goretti Oiarbide herritarrak omendu dituzte jaien hasierako ekitaldian, herrian egindako lana eskertuz. Lore sorta ez ezik, agurra ere dantzatu diete herritarrek. Aurten ez da suziririk lehertu Gaztelun. Horren ordez, deiadarra jo dute.

Umeei begirako eguna dute gaurkoan, eta festei hasiera ematearekin batera, herriko txikienak jolasetan aritu dira. Eguerdian, haurren bazkaria egingo dute, eta 16:00etatik aurrera, zirku jolasekin gozatzeko aukera izango dute. Hala ere, helduek ere izango dute zertaz gozatu festetako bigarren egunean; 18:00etan, sagardo dastaketa musikatua izango dute eta 21:00etan, herri afaria egingo dute ostatuan. Emaion taldeak erromeriarekin emango dio amaiera egunari, 00:00etan.

Bihar izango dute festetako azken eguna Gaztelun. Ikusi hemen egitarau osoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!