Uliko borda garbitu dute

Ataria 2024ko maiatzaren 26a

Auzolanean abiatu zuten, atzo, Gazteluko Udaberri Festa; goiz guztian zehar Uliko borda txukuntzen aritu ziren herritarrak.

Ekainaren 9an, Erromeri Eguna egingo dute eskualdeko bost herriek Uliko bordan. Horiek dira, hain zuzen, Gaztelu, Berastegi, Orexa, Lizartza eta Leaburu-Txarama. Gazteluko Udalak azaldu bezala, urte askotan zehar bost herri horien arteko festa egin izan da Uliko bordan, «eta modu xumeagoan bada ere, ohitura hura berreskuratu eta erromeria antolatu dugu».

Ekimen hau dela eta, Uliko borda txukuntzeko lanak egin zituzten, atzo, Gaztelun. Hain zuzen, Udaberri Festaren barruan aritu ziren auzolanean, Uliko bordako ingurunea garbituz eta bertako mahai eta aulkiak txukunduz. «Herriko txoko kuttun hau txukun mantentzeak merezi duela uste dugu», esan du udalak. 

Palestinarekiko elkartasun afariarekin eman zioten amaiera Udaberri Festari, Erroizpe elkartean.

I. Erromeri Eguna

Herritarrak 10:00etan abituko dira herri bakoitzetik, eta Uliko bordarako bidea egingo dute. Bordara iritsita, festari hasiera emango diote, 12:00ak aldera. Bertan, erromeria izango dute eta bazkaria ere egingo dute. Bazkaria norberak etxetik eramateko eskatu dute antolatzaileek, «eta dantzarako gogoa!». Edaria bertan izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!