Arkaitz Gabirondok (Gaztelu, 2004) debuta egingo du pilota profesionalean martxoaren 24an, Tolosako Beotibar frontoian, Aspe enpresarekin. Zabalak jokatuko du aurrelari bezala berarekin, eta aurkari izango dituzte Elordi eta Tolosa. Hamar urte ingururekin hasi zen Gabirondo Tolosa CF Aurrera elkartean, eta orain profesionaletan ariko den lehen gazteluarra izango da. Enpresak bi urterako hitzarmena egin dio.
Debuta egingo zenuela deitu zizutenean, nola jaso zenuen?
Pilotan aritzen garen guztiok hartuko genukeen moduan, sekulako pozarekin eta ilusio handiarekin. Txikitatik ikusi ditudan horiekin aldagelan izatea, hori bakarrik gauza handia da.
Aurrehitzarmena bazenuen Asperekin, beraz, ez zintuen ezustean hartuko.
Ziur esan arte ez duzu guztiz ikusten. Nik aurrehitzarmena nuen egina orain bi urte, eta esan izan balidate debutatu egingo nuela, ez nukeen sinetsiko. Azken hilabeteetan hobeto entrenatu dut, txapelketaren bat irabazi ere bai, baina sorpresaz harrapatzen zaitu horrelako zerbait esaten dizutenean. Eta, sekulako poza hartzen duzu. Uda parterako izango dela esan zidaten, baina azkenean martxorako izango da, eta oso gustura hartu dut.
Eguna iristerakoan guztiz sinistuko duzu?
Nik esango nuke partida bukatzen denean izango dela hori. Orduan sekulako lasaitua hartuko dut. Egia esan, aurreko egun hauetan nahiko lasai nabil, unea gozatzen ari naiz.
Debuteko partida ez da erraza izaten, urduritasunak direla-eta.
Tolosan izanik, jende dezente etorriko denaren esperantza dut inguruetatik. Ari dira kamisetak-eta eskatzen. Partida ere oso exijentea jarri didate. Ni Zabalarekin egongo naiz, egun goi mailan dabilena, eta aurkari Elordi, buruz buruko txapelduna, eta Tolosa, primerako pilotaria. Sekulako poza dut, baina errespetu handiarekin. Aukera izan dut beraiekin entrenatzeko tarteka, eta horrek ematen dit lasaitasun pixka bat, baina esan daiteke partida handia prestatu dutela.
Pilotan bakarrik ariko zara hemendik aurrera, edo beste lanen batean edo ikasten ere jardungo duzu?
Mekanizazioko goi mailako ikasketak oraintxe bukatu ditut, eta nire asmoa da pilotan bakarrik zentratzea ikusteko nola moldatzen garen. Pilotak denbora libre dezente uzten omen du, eta ez dut baztertzen aurrerago zerbait gehiago ikastea. Behintzat ikasitakoa hor dago, eta horrek lasaitasuna ematen dizu gero lana eduki ahal izateko.
Nola irudikatzen duzu zure ibilbidea profesionaletan?
Gauza handiak irudikatzea erraza da, baina nik pauso txikiak eginez joan nahi dut, helburu txikiak jarriz, eta egunero hobea izaten saiatuz. Ez naiz etorkizunera begira jartzen den horietakoa, ez zait gustatzen, bestela gero kolpe handiegiak etortzen dira. Beraz, nik uste dut hobe dela poliki joatea eta lan egitea eta ea unea disfrutatzen dugun.
Aipatu duzu profesionalekin entrenatzen ere aritu zarela aurretik. Orain nola begiratzen diezu entrenamenduei?
Lehen, profesionalekin entrenamendua jartzen zizutenean, ahalik eta ondoen egitea eta ez zapaltzen uztea izaten zen nire pentsamendua. Orain beste modu batera begiratzen diozu, eta aurre egiteko ikuspegiarekin joaten zara. Bizkortu behar duzu, orain beraien aurka ariko zarelako, eta entrenamendura beste ikuspegi baten joaten zara.
Kirolean aritzea familiatik datorkizula esan daiteke. Ama Josune Gorostidi duzu, besteak beste txirrindulari ohia, eta aita Joxe Gabirondo, segalari ohia. Nolatan aukeratu zenuen pilota?
Ez dakit zehazki. Zortea izan dut lagunak-eta oso pilotazaleak ditudala, eta beti pilotan aritzen ginen. Pilota eskolan izena emateko esan zidaten, ondo moldatzen nintzela eta. Uste dut azkenetakoa izan nintzela pilota eskolan izena ematen. Hortik aurrera pilota izan da gehien gustatu izan zaidana. Aitarekin segan aritu naiz, eta amak ez nau bultzatu txirrindularitzan aritzera, errepideari errespetua diolako edo. Pilotan egon naiz zentratuta; afizio gehien hor izan dut eta orain horrelako aukera etorrita, sekulako poza.
Tolosa CF Aurrera elkartetik azkenaldian ateratzen ari zarete profesional batzuk.
Hori zalantzarik gabe Mikel Olaetxea entrenatzailearen lana da. Ez da kasualitatea izaten hainbeste pilotari ateratzea, eta oraindik etorriko direnak. Badaude pilotari batzuk itxura oso ona dutenak. Mikel Olaetxearen erakusteko era eta bere jatortasuna aipatzekoak dira.
Nola definituko zenuke zeure burua pilotari bezala?
Esaten dutenez, bi esku nahiko igualtsu dituena. Atzelari ia denak bezala, aurrera samarrean harrapatuz gero nahiko luzatzen duena; orain indar pixka bat hartzen ari naiz eta pilota luzatzen ere ikasi dut.
Baduzu norbait erreferente moduan.
Ni beti Abel Barriola zalea izan naiz: bere dotoretasuna, bi esku onak, zein dantzari aritzen zen frontoian... Egun beste erreferente bat ere badugu, Jose Jabier Zabaleta: ikaragarria da bera ikustea, nola ematen dion eta zer dotoretasunarekin egiten duen.