Alkate makila hartu du, lehen aldiz, Eider Olazar Elduaienek (Tolosa, 1982), eta datozen lau urteetan ondoan izango dituen taldekideak ere estreinakoz ariko dira udalean. Oraindik «tamaina hartzen» ari direla azaldu du. Uraren kudeaketa eta plan orokor berria diseinatzea izango dira datozen lau urteetako proiektu nagusiak.
Orain arte, Edurne Garzia izan da Gazteluko alkate eta bere lekukoa hartu berri duzu. Zer moduzko hasiera izan da?
Topera hasi gara. Gezurra dirudi horrelako herri txiki batean zenbat gauza kudeatu behar diren eta zenbat gauza sortzen diren, izan ere, astero zerbait berria dago. Beraz, oraindik, tamaina hartzen ari naizela esan dezaket. Horrekin batera, elkar ezagutzen, udal langile guztiak ezagutzen, eta ahal den lan dinamika eraginkorrena martxan jartzen gabiltza une honetan. Lanketa berri batean hasten zarenean, lan dinamika bat finkatzea, elkar ezagutzea eta lana gustura egitea da garrantzitsuena. Edurne Garzia aipatu duzu eta, bereziki, berari eta aurreko udal taldeari ematen ari diren babesa eskertu nahiko nieke.
Zerk animatu zintuen alkatetzara?
Herriko partaideak gara eta gure herrian gobernatzea dagokigu, ez kanpotik etorritako beste inori. Beraz, lehenago edo beranduago gehienak udaletxetik pasa beharko dugula iruditzen zait. Gauzak nola funtzionatzen duten barrutik ikustea oso aberasgarria da, beste hainbat gauza ulertzen dituzulako. Kanpotik dena modu batera ikusten da, baina barruan zaudenean proiektuak aurrera ateratzea, dirua lortzea edota arazoak gestionatzea zenbat kostatzen den ikusten duzu. Egiten ari zaren lanaren errekonozimendua ere eskertzekoa da.
Nola baloratuko zenuke maiatzeko udal hauteskundeetan jasotako emaitza?
Oso ondo. Aurreko hauteskundeetan baino emaitza askoz hobeak izan zituen EH Bilduk. Aurreko hauteskundeetan bezala, gurea izan zen aurkeztu zen zerrenda bakarra eta emaitzak hobetzea lortu dugu. Boto gehiago jaso ditugu eta oso pozik gaude.
Herria bi zatitan banatuta dagoenaren sentsazioa duzue oraindik?
Gaur egun esan dezakegu nolabait garbi ikusten zen zatiketa hori desagertzea lortu dugula. Gaztelu ez nuke bitan zatituta dagoen herri bat bezala deskribatuko. Duela urte batzuk argi eta garbi esan zitekeen bezala, azken urteetan lanketa oso handia egin da. Esaterako, herri giro osasuntsu bat eraikitzearen aldeko lanketa egin da, eta bere emaitzak ematen ari da. Zentzu horretan ostatuak paper oso garrantzitsua jokatzen duela uste dut. Topaleku bat da, herritarren eta kanpotik datozenen topalekua, eta horrek asko laguntzen du gure artean elkar ezagutzen eta naturaltasun batekin harremantzen.
Zein proiektu nagusi dituzue lau urte hauetarako?
Gure proiektu nagusiak bi dira. Batetik, herriko uraren kudeaketa dugu. Guk kudeatu nahi dugula erabaki genuen. Une honetan daukagun azpiegitura zaharkitua dago eta berritzen ari gara pixkana. Bestetik, plan urbanistikoa edo plan orokor berria diseinatzen hasi nahiko genuke legegintzaldi honetan. Orain arteko plan orokorra legez zaharkituta dugu, eta berria lantzen hasi nahiko genuke. Gainera, horrek ere aukera ematen du herri bezala lanketa egin eta nolako Gaztelu eraiki nahi dugun pentsatzen hasteko. Uste dut ariketa aberasgarria eta interesgarria izan daitekeela.
Etxebizitza arloan baduzue egitasmorik epe motzera begira?
Momentuz ez daukagu etxebizitzari lotutako proiektu zehatzik. Orain, esaterako, ostatua eta udaletxeko teilatua berritu berri dugu. Eraikineko goiko partean aldetik alderako ganbara handi bat dago, eta erabilpena eman nahi diogu, jarduera desberdinak burutuz.
Biztanleriari begira, zein da Gazteluko argazki orokorra?
Adinean aurrera doan jendea gero eta gehiago dugu, herri guztietan bezala. Jende gaztea ere badago, baina hori indartu beharko genuke, hau da, gure herrian bizitzen gelditu nahi duen gazte jendeari aukera bat eskaintzeko erronka dugu. Plan urbanistikoa berritzeak aukera hori eman dezakeela uste dut; esaterako, gaur egun herrian dauden baserri handiak beste modu batera antolatuz, etxebizitza desberdinak egin ahal izatea. Horrez gain, herrian bada ume kuadrilla handi bat bizia herrian egiten duena eta bizi handia ematen diote herriari. Gaztelun ez dago eskola txikirik, baina ume asko eta mugimendu handia dago, eta hori aberasgarria dela uste dut. Herri guztietan bezala, gero eta jatorri anitzeko pertsona gehiago dago eta hori ere oso aberasgarria da.
Herri giroa sustatzeko ekimenik duzue eskuartean?
Urtean zehar hainbat herri ekimen antolatzen ditugu, eta kultura horri lotutako tresna oso baliagarria da, baita herri identitate bat eraikitzen laguntzeko ere. Kultura, gure kasuan, herri kirolekin ere ulertzen da, izan ere, herri kirol dinamika indartsua dugu Gaztelun: sega eskola. Herriko ume eta gaztetxo ugari ari dira sega ikasten, eta horrez gain, herri kirol museoa zabaldu berri dugu ostatuan. Asteburu kulturala antolatu dugu asteburu honetarako, eta udaberrian, berriz, udaberri festa ospatzen dugu. Bestelako ekitaldi puntualak ere izaten ditugu, esaterako, orain, negu partean emakumeen ahalduntzearekin lotutako tailerrak egiten ditugu, hori helburuen artean jasota ere daukagulako. Hori guztia kudeatzeko berdintasun kontseilu bat sortu berri dugu.
Proiektu batzuk aurrera ateratzeko beste erakundeen laguntzak beharrezkoak zaizkizue zuena bezalako udal txikiei. Eskualde mailako kooperazioa nola ikusten duzu?
Tolosaldea Garatzenen parte izan nahiko genuke. Gaztelu Tolosaldea Garatzenetik kanpo egon da urteetan, baina oso marko interesgarria dela uste dugu, eskualde bezala, beste herriekin batera saretuta egoteko eta eskualdeari ekarpenak egiteko aukera eskaintzen duelako. Herri txiki bezala oso zaila suertatzen zaigu hainbat zerbitzu eskaintzea, eta Tolosaldea Garatzenek aukera hori eskaintzen digu, eskualdeko herrien artean hainbat zerbitzu partekatzea eta gure kabuz martxan jarri ezingo genituzkeen hainbat zerbitzu eskaintzea. Uli mankomunitatearen parte ere bagara, Lizartza, Orexa eta Leaburu-Txaramarekin batera, eta hori oso sare garrantzitsua iruditzen zaigu. Bestalde, niretzako oso baliagarria izaten ari da inguruko herrietako alkateekin eta zinegotziekin dudan harremana, gure artean hitz eginez asko ikasten baita. Azken finean, herri batean aplikatzen dena besteentzako ere baliagarria izan daiteke.
Ba al dago bereziki kezkatzen zaituen gairik?
Finantziazioa da gure arazo nagusia. Oso udal eta herri txikia gara, hortaz, finantziazio oso txikia dugu. Gure diru sarrera Gipuzkoako Foru Aldunditik iristen den diru funtsa da. Guk bestela ez daukagu diru sarrerarik, eta horrek asko mugatzen gaitu. Gauzatu nahiko genituzkeen proiektu asko eta herrian ditugun beharrak ezin ditugu aurrera eraman, eta beti motz gelditzen da.
Zein mezu zabalduko zenuke herritarren artean?
Orain arte bezala elkarlanean jarraitu behar dugu, bakoitza bere eremutik parte hartzen, ekarpenak egiten eta proposamenak egiten. Azkenean, guk udaletxean egoteko konpromisoa hartu dugu, herritar bezala, aurretik beste batzuk egon diren eta gero beste batzuk egongo diren bezala. Hala ere, herri aktibo eta bizia edukitzeko herritarrak gauza desberdinak egiten aritzea ezinbestekoa izango da. Duela gutxi, foru aldundiaren parte hartzearen inguruko tailer bat izan genuen, eta hor aipatu bezala, jende asko gauza gutxi egiten behar da, ez jende gutxi gauza asko egiten, inor ez nekatzeko, ezta frustratzeko ere. Beraz, gero eta jende gehiago egotea bere gustuko gauzak egiten eta ekarpenak egiten, nik uste gero eta aberasgarriagoa izango dela denei dagokigun erantzukizunetik.