Museoa inauguratzeko, herri kirol erakustaldia Gaztelun

Ataria 2023ko irailaren 15a

Herri kirolen inguruko museoa zabaldu dute Gazteluko ostatuan eta gaur inauguratu dute. Lehenago, ordea, herri kirolen erakustaldia egin dute herritarrek.

Gazteluko ostatuaren barruan herri kirolei buruzko lehen museo iraunkorra zabaldu dute eta gaur egin dute inaugurazio ekitaldia. Gorka Egia udal aholkularia aritu da museoa prestatzen eta berak egin ditu gaur gidari lanak; alboan, prozesuan lagundu dioten hainbat herri kirolari izan ditu, besteak beste, Joxe Gabirondo herritarra, Iñaki Perurena, Joxe Mari Olasagasti edota Juan Manuel Erasun.

Museoa ofizialki inauguratu aurretik herri kirolen erakustaldia egin dute ostatu atarian. Ondoko belazean, aurrena, segan aritu dira Gazteluko Sega Eskolako ikasleak, Gabirondo gidari zutela. Ondoren, aspaldiko kirol bat berreskuratu eta balenka erakustaldia egin dute. Bere garaian Migel Aranalde eta Baltasar Esnaola aritu izan ziren modalitate honetan, eta gaur Gaztelun, Hernaniko Fernando Dublangek egin du erakustaldia barrarekin.

Berriz ere, ostatu atarira itzulita, herritarrak aizkoran, trontzan, lokotx biltzen, ingudearekin eta korrika aritu dira.

Behin erakustaldia bukatuta, Egiak museoa erakutsi eta luntxa egin dute bertaratutakoek.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!