Herri kirolen inguruko lehen museoa

Irati Saizar Artola 2023ko ira. 15a, 11:59

Herri kirolei buruzko lehen museo iraunkorra jarri dute Gazteluko ostatuaren barruan. Gaur arratsaldean inauguratuko dute, herri kirolen erakustaldiarekin eta luntxarekin.

Herri kirolen zaletasun handia dago Gaztelun. Ikusi besterik ez dago zenbat gaztetxo dabiltzan sega eskolan eta zenbat herritar ibili diren modalitate batean ez bada bestean, herri kiroletan. Bada, herri kirolen inguruko museoa jarri dute orain ostatuan; gaur inauguratuko dute, 17:30ean hasiko den ospakizunarekin.

Gazteluko ostatuak urteak zeramatzan itxita, eta berriro martxan jartzeko ideiarekin batera etorri zen museoa zabaltzeko asmoa, Eider Olazar alkateak azaldu duenez: “Ostatua irekitzea proiektu estrategikoa zen udalarentzat, eta herri kirolek herrian duten garrantziaz jabetuta, erakargarritasuna irabazteko zerbait egin genezakeela pentsatu genuen”.

Hala, Gorka Egia udal aholkulariarekin harremanetan jarri eta hura arduratu da ostatua martxan jartzeaz eta museoa prestatzeaz. Herri kirolen gaiari heldu eta hainbat herritarren laguntzarekin ibili da informazioa lortzen eta guztiari forma ematen. Ondoan izan du Joxe Gabirondo segalari gazteluarra, testuak zuzentzen eta kontaktuak lortzen. Iban Zunzunegi aritu da bideoak muntatzen eta Gari Aranzabalek egin ditu grabaketak. Informazio guztia lau hizkuntzatan jarri dute: euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez.

Tabernaren egitura aprobetxatuta, hiru gunetan banatu dute museoa: lehenengo gunean, jangela dagoen eremuan, herri kirolak zer diren eta nondik datozen azaldu dute, argazki bidez. Argazki bakoitzaren azpian QR kode bat jarri dute. Hori eskaneatuta azalpen bideo bat ikusteko aukera dagoela azaldu Olazarrek: “Kanpotik datorrenarentzat herri kirolak zer diren ikusteko eta ikasteko eginak daude bideoak, baina saiatu gara dakitenentzat ere datu bereziak sartzen, hain ezagunak ez direnen ingurukoak”. Espainiako No-doan eta Suediako dokumental batzuetan aurkitutakoak dira irudiak.

Bigarren gunea, kirolarien gunea izango da, eta korridorean dago. Herri kiroletako materialak, tresnak eta arropak jarri dituzte ikusgai hor. Esaterako, Irati Astondoak eta Joxe Mari Olasagastik lehen apustuetan erabilitako aizkorak, Aimar Irigoienen harria, Joxe Gabirondoren sega, Karmele Gisasolaren txalekoa eta Inaxio Perurenaren galtzak. Pieza bakoitzaren ondoan jabearen ibilbidea dago laburbilduta.

Azken gunean, jolasgunean, Gaztelu eta herri kirolen arteko uztarketa islatu nahi izan dute. “Gazteluko sega eskolaren inguruko azalpenak eta herri kiroletan ibili izan diren herritarren argazkiak eta testigantzak daude. Nolabait, gazteluarrek herri kirolen alde egindako lanari balioa ematen dio museoak; horrelako lan batek herrian bere lekua merezi zuen”, azaldu du Egiak. Bide horretan, Olazarrek gehitu du herri kirolek aukera eman dietela herriko haur eta gaztetxoei baserrira gerturatzeko: “Herriko gaztetxo gehienak ez dira baserrian hazi, kalekumeak dira, eta herri kirolek aukera eman diete baserri mundurako transmisioa egin ahal izateko, herri kirolak tresna bat izan dira horretarako”.

Berezia da museoa, batetik, ostatu baten barruan kokatuta dagoelako, eta, bestetik, Euskal Herrian ez dagoelako herri kirolen inguruko beste museo iraunkorrik. “Horrelako herri txikiek aukera ematen dute esperimentu hibrido hauek egiteko; ditugun azpiegiturak erabiliz, aukerak aprobetxatu behar dira modu informalago batean gauzak egiteko”, dio alkateak.

Erakustaldi eta guzti

Musikarekin, kalejiran hasiko da gaurko ekitaldia, eta, ondoren, kirolari beterano nahiz gazteen aurkezpena egingo dute ostatuko atarian; erakustaldi bat ere egingo dute. Ondoren, luntxa izango da. Segaz gain, aizkora, trontza, koxkol biltzea, ingudea, eta korrika saioa ikusteko aukera izango da gaur Gaztelun.

Tartean, balenka erakustaldia ere egingo dute. Olazarrek kontatu duenez, bere garaian Migel Aranalde eta Baltasar Esnaola herritarrak balenka modalitatean aritu ziren, eta 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan parte hartu zuten, erakustaldia eginez. Horren harira, balenkaren erreplika bat jarri dute ikusgai museoan eta nola jaurtitzen den ikusteko aukera izango da gaur.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!