Udaletxeko teilatuko eta ganbarako lanekin ari dira Gaztelun

Ataria 2023ko irailaren 13a

Teilatua konpondu eta ganbara egokituko dute; 96.000 euroko aurrekontua dute lanek; ostiralean inauguratuko dute.

Batzuentzat udako oporrak ez dira aitzaki izan lana eteteko. Horren adibide da Gaztelu, izan ere, hilabete horietan hainbat obra jarri dituzte martxan udal eraikinean. Alde batetik, teilatua eraberritzen hasi dira, «egoera txarrean zegoelako eta segurtasuna bermatzeko». Bestetik, eraikin bereko ganbara ere egokituko dute, «etorkizunean ekintza desberdinak antolatzeko asmoarekin».

Eider Olazar alkateak esan duenez, «Gaztelu bezalako herri txiki batentzako aukera handia da horrelako beste espazio bat izatea, eta horregatik, zuku gehien ateratzen saiatuko gara. Oso espazio atsegina da, gainera». Obra Garmendia enpresari esleitu zaio lizitazio bidez. Guztira 96.000 euroko aurrekontua dute lanek, eta Jaurlaritza zein Diputazioko diru laguntzekin egingo dute.

Ostiralean, hilaren 15ean egingo dute, 17:30ean hasita, ganbara zein herri kirol museoa inauguratzeko ekitaldia. Kalejira egingo dute, eta ostatuko atarian erakustaldia egingo dute kirolari beterano nahiz gazteek, segan, aizkoran, trontzan, ingudean edota korrika. Lan horiek amaitu ostean, 19:30ak aldera, ostatuan mokadutxoa hartuko dute bertaratzen direnek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!