Herri kirol museo berria egokitu dute Gazteluko ostatuan

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 7a, 07:59

Heri kirolen inguruko azalpenak, argazkiak edota kirolarien materiala jasoko ditu; irailaren 15ean egingo dute gunea jendaurrean aurkezteko inaugurazio festa.

Gazteluk betidanik izan du herri kirol munduarekin lotura. Horren adibide da, azken urteetan martxan jarri duten sega eskola; herriko gaztetxo ugari aritzen dira kirol horretan trebatzen, eta  urtean zehar antolatzen diren txapelketetan erakusten dute ikasitakoa. Herri kirolekin herriak duen lotura hori ostatuan ere atzeman ahal da, izan ere, herri kirolen museoa dago bertan. Orain, gainera, berrikuntza batzuk egin dizkiote eta hilaren 15ean egingo dute inaugurazio ekitaldia.

Museoa hiru gunetan dago banatuta: lehenengo gunean, herri kirolak zer diren azalduko da; bigarrengoa kirolarien gunea izango da, eta azken gunean, Gaztelu eta herri kirolen arteko loturaren azalpena emango da.

Horrez gain, ostatua herri kiroletako argazkiekin dago apainduta, eta, orain, argazki bakoitzaren azpian QR kode bat jarri dute. Hori eskaneatuta azalpen bideo bat ikusteko aukera dagoela azaldu dute udaletik: «Kanpotik datorrenarentzat herri kirolak zer diren ikusteko eta ikasteko eginak daude, baina saiatu gara dakitenentzat ere datu bereziak sartzen, agian hain ezagunak ez direnak». Irudiak No-Doan filmategian eta Suediako dokumental batzuetan aurkitutakoak dira, eta gidoia zein irudien aukeraketa Gorka Egia aholkulariak egin ditu.

Museoko atalik «deigarriena» herri kirol ezberdinen erremintekin osatutako erakusketa dela azpimarratu dute. Bertan, Aimar Irigoienen harria, Karmele Gisasola Zelai III-ren txalekoa, Iñaki Perurenak idatzi eta ondoren bideo batean grabatutako bertsoa, bere seme Inaxioren galtzak, Olasagasti eta Irati Astondoaren aizkorak edota Erasun eta Alatzne Etxaburuaren kamisetak ikus daitezke. Pieza bakoitzaren ondoan jabearen ibilbidea dago laburbilduta.

Udaletik azaldu dutenez, herri kirolei buruzko gisa horretako erakusketa iraunkorrik ez dago Euskal Herrian. Ostatuari buruzko informazio gehiago jasotzeko ostatura (943 94 44 29) edo udaletxera (943 20 52 00) deitu ahalko da, edo udala@gaztelu.eus helbidera idatzi.

Inaugurazioa
Museoa jendaurrean erakusteko festa 17:30ean hasiko da, kalejiraz eta musikaz alaituta. Ondoren, kirolari beterano nahiz gazteen aurkezpena egingo dute ostatuko atarian, eta erakustaldia ere eskainiko dute. Segaz gain, balenka, aizkora, trontza, koxkola, ingudea, eta korrika saioa izango dira. Segalari gazteen erakustaldia ere izango da. Lanak amaituta, 19:30ean ostatuan izango duten luntxarekin eman.

INAUGURAZIO FESTA
  • 17:30. Herri kirol museoaren inaugurazioa. Jaialdiaren hasiera kalejiraz eta musikaz alaituta. Ondoren, kirolari gazteen nahiz beteranoen aurkezpena ostatuko atarian. Segalari gaztetxoen erakustaldia, ostatu gaineko belardian.
  • 19:30. Lunch-a ostatuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!