Udaberri Festaz  gozatuko dute, beste behin, Gaztelun

Leyre Carrasco 2023ko maiatzaren 17a

La Jodedera taldea pasa den urteko Udaberri Festan.

Egitarau zabala antolatu dute larunbaterako; ikuskizuna, hamaiketakoa, kontzertua eta afaria izango dituzte; gaur da afarirako izena emateko azken eguna.

Udaberriarekin batera festan murgiltzen dira gazteluarrak. Udaberri Festa antolatzen dute urtero, eta aurten larunbatean, maiatzak 20, egingo dute, eta egun osoko egitaraua prestatu du Kultura Batzordeak.

Batzordeko kide da Eider Olazar eta gogoratu du udaberria «zerbait polita» antolatzeko garai proposa zela pentsatuta hasi zirela Udaberri Festa antolatzen. Egunari hasiera emateko txotxongilo emanaldia izango dute; Ostomila txotxongilo taldea gerturatuko da Gaztelura eta Alaia galtzagorria ikuskizuna eskainiko du. Arratsaldean krep merienda egingo dute eta ondoren, Malkogarriyak taldearen kontzertua egongo da eliza atarian. Olazarrek esan duenez, hori da egun horretako ekintza «bereziena», eliza ataria «herriko txoko kuttuna» baita. Eguna amaitzeko afaria antolatu dute eta gaur da izena emateko azken eguna. Aurten lehen aldiz, ostatuan afalduko dute. Helduek 25 euro ordaindu behar dute, eta haurrek, berriz, 13 euro.

Egitaraua

Maiatzak 20, larunbata

  • 11:00. Ostomila txotxongilo taldearen Alaia galtzagorria ikuskizuna.
  • 17:00. Krep merienda, plazan.
  • 18:30. Malkogarriyak erromeri taldearen kontzertua, eliza atarian.
  • 21:00. Afaria ostatuan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!