Ikasitakoa praktikan jarri dute Gaztelun

Leyre Carrasco 2023ko mai. 14a, 16:00

Gazteluko Kultura Batzordeak antolatuta, San Isidro Egunaren baitan, Sega Eguna ari dira ospatzen, eta Herriko Sega Eskolako kideek erakustaldia eskaini dute sega-zelaian.

San Isidro Eguna dute bihar Gaztelun, eta ohitura denez, egitaraua prestatzen dute egun horren bueltan. Nerea Sanchez antolatzaileak azaldu bezala, «azken urte hauetan herriko haurrak segan dabiltzanez, eta talde polita osatu dugunez, sega erakustaldi bat egitea erabaki dugu».

Urtez urteko modalitateak aldatzen joaten dira. Aurten zortzi bikote aritu dira, heldu eta 10 urtetik gorako gaztetxoen artean. Bikote bakoitzak sail bat moztu behar izan du. «Normalean, azkartasuna eta txukuntasuna hartzen da kontutan, baina gaurkoan txukuntasuna bakarrik hartuko dugu kontuan, gaztetxoek ere lasaiago egin dezaten eta egunerokotasunean nola jarduten diren erakutsi dezaten», azaldu du Sanchezek.

Ondoren, segalari txikienen txanda izan da, eta eurek ere sail zatia izan dute bakarka mozteko eta urtean zehar egiten duten lana erakusteko.

«Ondo pasatzea eta herritarrak batzea izan da egun honen asmoa, baita kanpotik ahalik eta jende gehien etortzea ere, baina eguraldia lagun ez daukagunez, gure arten ospatuko dugu eta hamaiketako txiki batekin emango diogu amaiera egunari», esan du Sanchezek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!