Babarrunaren bueltan bildu dira

Naiara Roldan de Aranguiz 2022ko azaroaren 5a

Gazteluko herritarrak Asteburu Kulturala ari dira ospatzen. Gaurkoan babarrunaren bueltan bildu dira gazteluarrak. Lehenengoz antolatutako babarrun lehiaketako irabazlea Lucia Arana Mujika izan da.

Gazteluko kultura batzordeak Asteburu Kulturala antolatzeari ekin dio eta berritasun bezala babarrun lehiaketa jarri du martxan. Berezitasuna ere izan du berritasun honek; izan ere, lehiaketara bikoteka aurkeztu beharra zegoen, ekoizle eta sukaldari binomioa osatuz.

Guztira, bost babarrun kazola aurkeztu dituzte. Ordua zehaztuta zegoen aurretik, 13:00erako babarrunak bor-bor egon behar zuten Erroizpe Azpiko Kirol eta Kultur elkartean. Babarrun prestaketa berriz, norberak bere etxean egin behar izan du.

Behin ordua iritsita, bete da herriko elkartea; emakumeek hartu dute protagonismoa. Hiru belaunaldi elkartu dira bertan ageri-agerian. Babarrunak epaitzeko ardura hiru emakumek izan dute: Roxita Gabirondok, Esther Susperregik eta Gotzone Ijurkok. Eurei dastaketa itsuan babarrunak zerbitzatzen herriko emakumeak eta ikusle gisa, herriko neskatxak.

Gabirondok, Susperregik eta Ijurkok; bost dastaketak egin eta banan-banan epaitzen joan dira: babarrunaren kolorea, testura, mamitasuna, salda, gatz puntua, osagarriak... Batzuetan oso argi izan dituzte epaitu beharrak: "Honek gatz gehiegi du!". Eta beste batzuetan zalantza gehiago azaldu dituzte: "Guztiak onak daude!".

Dastaketa amaituta hala ere, argi izan dute plater irabazlea. Lucia Arana izan da garailea. Kasu honetan gainera, bera izan da ekoizle irabazlea –Lucia Martinenea– eta sukaldari irabazlea. Babarrunak bere soroan bildutakoak baitira eta baita bere sukaldean prestatutakoak ere. Aranaren eskuek babarrunak ekoitzi eta sukaldatu dituzte. Epaimahaiaren esanetan zapore bereziagoa zuten Lucia Aranaren babarrunek; berezitasun bezala irabazleak aitortu du piperra gehitu diela babarrunei prestatzeko garaian.

Behin lehiaketa amaituta, elkartean bildutakoek babarrun dastaketari ekin diote. Hemen ordea ez da Asteburu Kulturala amaitu. Badute festa aurretik gazteluarrek astelehena iritsi bitarte:

EGITARAUA

  • Gaur, larunbata. Babarrun lehiaketa bikoteka (sukaldaria eta ekoizlea).
    • 13:00. Babarrunen aurkezpena.
    • 14:00. Babarrun jatea elkartean.
    • 17:00. Txokolate jatea.
    • 18:00. Kontu Konta kantaldia Itziar eta Joxeanekin.
    • 21:00. Kantu-afaria ostatuan.
  • Bihar, igandea.
    • 11:00-14:00. Azoka, Bertako produktuak, artisauak, sagardo eta mosto dastaketa. Pintxoak eta gaztainak.
    • 14:00. Jubilatuen bazkaria, Ostatuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!