"Jateko ona ematen baduzu, lana izango duzu, hori segurua da"

Irati Saizar Artola 2022ko ira. 7a, 07:59
Maite Ramos eskuinean, barraren atzean Nuria ahizpa duela.

Asteazkenetik igandera bitartean zabaltzen dute Gazteluko Ostatua; eguneko menua astez, eta asteburuko menua asteburuetan; martxa horretan abiatu du zerbitzua Maite Ramos kudeatzaile berriak.

Urte luzez itxita egon ondoren, uztaila amaieran zabaldu zituzten Gazteluko Ostatuko ateak. Maite Ramos hernaniarrak hartu du zerbitzua kudeatzeko ardura, eta Nuria ahizparekin batera hasi da lanean, asteazkenetik igandera bitartean. Udalak ireki aurretik egindako obrari esker, itxura berritua du orain ostatuak eta izan duen harrerarekin eta hartutako martxarekin pozik dago Ramos.  

Nola izan zenuen Gazteluko Ostatuaren berri?

Nire gizona gazteluarra da eta bere bidez jakin genuen ostatuaren proiektua martxan jartzekotan zirela. Ikustera etortzeko gogoa piztu zitzaidan. Udalak obrak egin ditu, guztia txukundu du, eta nola zegoen jarrita ikusi nuenean, asko gustatu zitzaidan eta izena ematera animatu nintzen. Egia esan leku ederra geratu da, orain, gainera, terraza ere jarri dute eta lekuak asko irabazi du. 

Aurretik baduzu esperientziarik ostalaritzan?

Bai, Andoainen beste taberna bat daukat zabalik. 13 urte daramatzat taberna horrekin, baina orain Gaztelun egongo naiz; nire proiektua Gaztelun geratzea da. Nire ahizpa ere nirekin aritu da orain arte Andoainen lanean eta nirekin ekarri dut Gaztelura.

Zer moduzko harrera egin dizuete gazteluarrek?

Egia esanda ez gaude kexatzeko. Jende gazte asko dago herrian eta lehen hartu-emana polita izan da. Urte asko pasatu ditu Gazteluk ostaturik gabe, eta nabari zen jendea taberna gogoz zegoela. Udalak ere apustu handia egin du ostatuarekin eta, era berean, herriarena ere bada apustua. 

Zein da eskaintza?

Publiko mota ezberdinari begira jarri gara gure karta osatzerakoan, adin tarte guztiak hartu nahi izan ditugu kontuan. Ostatuan bertan, gazteei begirako gune bat daukagu egokituta, futbolina, billarra eta dardoak daudena, beraz, haiei begira, hanburgesak edota bokatak prestatu ditugu, baita plater konbinatuak ere. Horrez gain, eguerdietarako, eguneko menuaren aldeko apustua egin dugu eta asteburuetan asteburuko menua prestatzen dugu. 

Zure ahizpa dago sukaldean. Nolako jakiak prestatzen ditu?

Etxekoa, betikoa. Jendeak arrautza frijitua nahi izaten du, etxeko patatak, konplikaziorik gabeko jakiak. Kanpotik datozenek betiko platerak eskatzen dituzte gehienbat. 

Eta jaki berezirik prestatzen duzue?

Baserriko oilaskoa prestatzen dugu eta txahal saiheskia ere bai. Eta orain, udazkena gainean dagoen honetan, babarrunak eskaintzen hasiko gara asteburuetan. Menu itxia izango da eta astebururo izango da babarrunak dastatzeko aukera. Beti egongo dira babarrunak, baserriko oilaskoa edota txekor saiheskia. Eta Gazteluko Ostatura etortzen dena, etor dadila hori jatera. Jakin dezala hori eskaintzen dugula eta apropos etor dadila dastatzera. Dinamika hori sortu nahi dugu.

Izan ere, Gaztelura apropos joan behar duzu, ez da bidean geratzen den herri bat.

Horregatik da garrantzitsua zerbitzurik onena eskaintzea. Jateko ona ematen baduzu, izango duzu lana; hori segurua da. Jendeak gustura atera behar du otordua hemen egiten duenean, bestela jai daukagu. Horrelako herrietan ahoz aho zabaltzen da kontua, eta momentuz, ikusi dugunarengatik, pozik gaude.

Asteazkenetik igandera zabaltzen duzue.

Asteazkenetik ostiralera eguneko menua ematen dugu eguerdietan, eta asteburuan asteburuko menua. Momentuz, afariak ere ematen ari gara, egunak luzeak dira oraindik eta hala erabaki dugu; gero, negua nola doan ikusiko dugu, ea afaritarako baden jenderik, eskariaren arabera moldatu beharko dugu. Asteazkenetan eta ostegunetan 10:00etatik 22:00etara zabaltzen dugu eta ostiraletik igandera 10:00etatik 00:00etara. 

Udalak apustu bat egin du ostatua berritzearekin.

Bai aldaketa ederra izan da. Orain, lokala adin tarte guztientzat prestatuta dago. Aipatu bezala, gune bat gazteei begira prestatu dute. Arratsalde pasa egin daiteke bertan, futbolinean, billarrean edota dardoetan jolasteko aukera dagoelako. Eta sukaldea zabalik izango da beti, errazioak edo eskatu nahi dituenarentzat.

Eta museo bat ere baduzue bertan.

Herri kirolen inguruko museo bat jarri dute ostatuan zehar. Oso polita geratu da. Argazkiak, kiroletako materiala, informazioa, denetarik dago. Gu ostatura sartzerako museoa prestatuta zegoen, eta guretzat hori ere aldeko puntu bat izan daiteke, jendea erakarri dezakeelako horrek ere. Berez, museoa 17:00etatik 20:30era dago zabalik, baina ostatua irekita dagoen edozein momentutan ikus daiteke. Oraindik berria da, baina turismo bulegotik-eta eskaintza honen berri ematen hasten badira, nik uste jarioa nabarituko dugula. 

Ireki eta berehala herriko festak izan dituzue. Zer moduz joan dira?

Giro ederrean pasa ditugu. Herri afaria ostatuan bertan egitea pentsatu genuen hasiera batean, baina 105 pertsona apuntatu ziren eta leku faltagatik frontoian egin genuen. Menu bat prestatzeaz arduratu ginen eta frontoian zerbitzatu genuen, oso ondo atera zen. Jendeak esan digunagatik ere gustura geratu ziren. Pentsa, 170 biztanle inguru ditu Gazteluk eta 105 pertsona animatu ziren, ia herri osoa. Polita izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!