Herri sarrerako errepidea konponduko dute Gaztelun

Irati Saizar Artola 2022ko eka. 1a, 07:58

2022ko aurrekontuan errepideak konpontzeko bideratuko dute zatirik handiena; ostatua berriro irekitzeko 46.000 euro inbertitu dituzte.

Herri sarrerako errepidea konpontzea eta ostatua martxan jartzea dira aurtengo bi helburu nagusienak Gazteluko Udalarentzat. Edurne Gartzia alkateak esan duenez, 306.000 euro inguruko aurrekontua onartu dute 2022rako. 

Iaz, Leaburura doan bidea, hilerrira doana, konpondu zuten, "beharra" zuelako. Aurten, bigarren fasea egingo dute, eta horrekin batera, herri sarrerako errepidea ere konponduko dute, "zuloz beteta dagoelako". Hilerriko bidea konpontzeko makinak herrira eramaten dituztenean aprobetxatuko dute herri sarrerako errepidea ere asfaltatzeko. Hori aprobetxatuz, ostatu atarian kotxeak aparkatzeko dagoen eremua ere egokituko dute, asfaltoa bota eta berdintzeko. «Ostatu atarian lan batzuk eginak ditugu dagoeneko, hormigoia bota genuen, besteak beste, terraza jartzeko, eta orain aparkalekua txukunduta guztia berdinduta geratuko da». Asfaltatze lan horiek egiteko 70.000 euro inbertituko dituzte. 

Ostatua berrituta

Duela bi legealdi egin zuten obra ostatuan eta momentu hartan urtebete egin zuen irekita. Ordutik itxita izan dute, eta aurten, ostatuari buelta bat eman eta berriro martxan jartzea da asmoa. Horretarako, Egia aholkularitza kontratatu du udalak, guztia koordinatzeko. Momentuz, ataria atondu dute eta barruan ere egin dituzte txukunketak: "Barruko guztia margotu dugu, garbiketa industrial bat ere egin dugu, instalazio guztiak errebisatu ditugu....". Denera 46.000 euroko inbertsioa egin dute ostatuarekin. Hortik, 19.000 euro diru laguntzen bidez lortu dituztela azaldu du alkateak. 

Barruan, espazio bat bereizi dute eta billarra, dardoak, futbolina eta telebista bat jarri dituzte, jolasteko. Horrez gain, herri kirolen inguruko museo edo erakusketa iraunkor bat jarriko dute. "Gaztelun gaztetxoak Joxe Gabirondo segalariarekin sega eskolan ibiltzen dira, eta pixkana indarra hartzen ari direnez, lotura egin nahi izan dugu erakusketa iraunkorra jarrita". 

Ostatura sartu eta berehala, herri kirolen inguruko datu orokorrak bildu dituzte, argazki batzuekin, eta QR kode bidez azalpen gehiago lortu daitezke, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Jangela eta komuna bereizteko espazioan, berriz, Gipuzkoako herri kirol ezberdinetako elementu eta materialak jarri nahi dituzte. Gero, jolasteko eremuan, Gazteluko herritarrak izango dira protagonista: "Herrian badugu jendea herri kiroletan ibilbide oparoa egin duena, izan segan, ingudean, trontzan edota sokatiran, eta haiei espazioa eskaintzea nahi genuen". 

Alkateak herrian horrelako zerbitzu batek duen garrantzia nabarmendu du: «Ostatuarekin herriari bizia ematen diozu, herritarrentzat elkartzeko gune bat izan daiteke, eta kanpotik datozenentzat ere, mendira edota frontoira, zerbitzu bat da». 

Datorren urterako utzi dute Ostatuaren bigarren fasea. Udaletxeko teilatua berrituko dute, eta ganbara txukunduko, erabilera anitzeko gune bat izateko, herritarrek jarduera ezberdinak egin ditzaten. "Ganbara zoragarria dauka, aldenik alde teilatupe osoa hartzen du eta altura nahikoa du. Kontua da itoginak dituela eta berritzeko aurrekontua oso handia dela". 

Kultur ekintzetara

Urtean zehar egiten dituzten kultur ekitaldiei ere garrantzi berezia ematen dio Gazteluko Udalak. "Herri bat bizirik mantendu nahi bada, ekitaldiak antolatu behar dira, aitzakia bat direlako herritarrak elkartzeko".

Aurten, Berdinbideanekin batera, emakumeak ahalduntzeko prozesu bat hasteko beharra ikusi dute. Adin ezberdinetako emakumeekin egin dituzte saioak eta adin tarte batzuekin "beste dinamika bat" probatu behar badute ere, talde finko bat ere sortu da. "Ondorioztatu genuen bazegoela beharra elkartzeko, hitz egiteko, eta lanketarekin jarraitzeko asmoa daukagu".  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!