Gazteluko Ostatua ireki nahi du udalak, herria biziberritzeko

Irati Saizar Artola 2022ko mai. 19a, 07:59

Urteak daramatza itxita ostatuak eta berritu egin dute, ahal bezain pronto irekitzeko; kudeatzailea izateko interesa duenak maiatzaren 31 arteko epea izango du izena emateko.

Gazteluko Udalak herriko ostatua berritu eta txukundu du Egia Aholkularitzaren laguntzaz, eta kudeatzaile berri baten bila ari dira orain. Ostatuaren ardura hartu nahi duenak maiatzaren 31 baino lehen eman beharko du izena udaletxean. 

Urteak daramatza itxita udaletxeko beheko solairuan kokatzen den lokalak, eta orain Egia Aholkularitza arduratu da berriro ere martxan jartzeaz. Gorka Egia aholkulariak esan duenez, garbitu, pintatu eta txukundu egin dute eta terraza berritu ere egin dute: "Ahalik eta erakargarrien jartzen saiatu gara". Barnean, gela bat atondu dute billarrarekin eta futbolinarekin, jolas leku moduan, eta bestetik, herri kirolen inguruko erakusketa iraunkor bat izango du ostatuak barnean. 

Ostalaritzarako beharrezkoak diren tresna eta makina berriak jarri dituzte, "hasi kafe makinatik eta dirua kontatzeko makinara", esan du Egiak. "Baldintza ezin hobeetan dago lan egiteko, falta zaiguna kudeatzailea da, gogoa duena eta fundamentuz kudeatuko duena". Interesa duenak udaletxean eman beharko du izena, maiatzaren 31 baino lehen. Egiak esan du aurrez ostatua ikusi eta baldintzen berri izan nahi dutenak berarekin jarri daitezkeela harremanetan gorka@egia.eus helbidean edota 688 694 048 zenbakira deituta. Aurkeztu behar diren dokumentuak prestatzen laguntzeko ere prest dagoela dio. 

Behin izena emateko epea amaituta, baldintzetara gehien egokitzen den proiektua aukeratuko dutela azaldu du Garikoitz Aranzabal zinegotziak. Eta behin esleituta, lanean "segituan hasteko moduan" izango direla kudeatzaile berriak. "Sartzen denak ez du inbertsio handirik egin beharko, guztia berria dagoelako, eta gainera, alokairu sinboliko bat jarri dugu, hilean 125 eurokoa".    

Herriarentzat bizigarria

Gaztelu bezalako herri txiki batean ostatu bat izateak duen garrantzia nabarmendu du Aranzabalek: "Horrelako herri batean ostatua izatea eta zerbitzu hori ematea bizigarria da herriarentzat. Bilgune moduko bat izatea nahi dugu, bai herritarrontzat eta baita kanpotik herrira bisitan datozenentzat ere". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!