Kultur asteburuak beteko du Gaztelu, hiru egunez

Ataria 2021eko azaroaren 3a

2019ko azoka, Gaztelun.

Ostiralean techno gauarekin ekingo diote egitarauari eta igandean azokarekin eta erretirodunen bazkariarekin amaituko dute.

Festa kutsua duen kultur asteburua antolatu du Gazteluko kultura batzordeak. "Aurreko urtearen ondoren, harremanak eta topaketa sozialak berreskuratzeko beharra genuen», esan du Eider Olazar antolatzaileak. Ostiraletik igandera bitartean, ekintza ezberdinez gozatzeko aukera izango da. 

Beste hainbat ekintzen artean, urteroko azokak izango du bere lekua. Igandean egingo dute, eta aurten, bertako jaki eta produktuez gain, berrikuntza modura, artisauen sei postu inguru jarriko dituzte: Zorione Mende Martin Marrak proiektuarekin, ilustrazioak eta osagarriak eramango ditu; Uxue Altuna Tapia Tilin-talan bitxiak; Miriam Garcia Etxeberria Larrubixi proiektuarekin, feminismoa eta jasangarritasuna lotuz, arropak edota poltsak egiten ditu; Inma Arroyo Iruretagoiena Maitasunez proiektuarekin, beira makramearekin apaintzen du; Zuriñe Arsuagak lore naturalarekin eta erretxinarekin belarritakoak eta bitxiak egiten ditu; azkenik, Kale edo bale markak, bere kamisetak, poltsak edota kandelak ekarriko ditu. Azken hauek kontzertua eskainiko dute akustikoan, 12:30ean: Occhi Di Farfalla taldeko kideak dira. 

Aurten ere, "publiko osoari begirako egitaraua" prestatzen saiatu dira, "bai haurrei, bai gazteei eta baita heldu eta erretirodunei begirakoa ere". 

Egitaraua

  • Azaroak 5, ostirala
    Arratsaldean. Pintxo dastaketa. Bakoitzak 12 pintxo eraman beharko ditu.
    Techno pintxakak. 20:00etan, La Rekba. 22:00etan, Anderetx. 00:00 Andreas Cuello, eliz atarian.
  • Azaroak 6, larunbata
    16:30. Txokolatada.
    17:30. Bizitzaren laborategian zientzia kontakizuna eta esperimentuak, haur eta gaztetxoentzat, Ana Galarragarekin. 
    18:00. Hitzaldia: Ekologista naiz, baina... Gorka Egiaren eskutik. 
    21:00. Herri afaria. 
  • Azaroak 7, igandea
    10:30.  Azoka irekiera. 
    12:30.  Occhi Di Farfalla-ren kontzertua. 
    14:00.  Erretirodunen bazkaria. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!