Euri langarrari kirolarekin egin diote aurre

Ataria 2021eko abuztuaren 15a

Herritarren arteko herri kirol lehia egin dute arratsaldean Gaztelun, Kultura Udara egitarauaren barruan. Euri langarra egin du probak iraun duen bitartean, baina gogoz aritu dira haur zein helduak.

Festetan egin ohi dute herri kirol lehia beste herriko batzuen aurka, baina aurten, egoera berri honetan, herritarren arten egin dute lehenengo aldiz, eta berritasuna ere izan da haurrek parte hartu dutela. Herria bi parte edo auzotan banatu dute taldeak egiteko. Plazatik goialderakoek Harro-Haize taldea osatu dute, laranja kolorez aritu dena, eta plazatik behealdekoek Bekolarre taldea, berdez aritu dena. Segan, zaku lasterketa, korrika, lokotx biltzen eta txingan aritu dira, eta txingan ez beste guztietan, haur eta helduek parte hartu dute. Lehia polita egin dute gazteluarrek eta azkenean Harro-Haize taldea izan da garaile. Baina, gaurkoan, garbi zegoen, parte hartzea zela garrantzitsuena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!