BABESTUTAKO EDUKIA

Gazteluko Udalak bi lursail jarriko ditu enkantean

Ataria 2021ko mai. 6a, 16:00

P1 jartzen duen lekuan eraikiko da etxe bat, eta bestea, eskuinean dagoen etxearen aldamenean, bideari jarraika.

Bi bizitzako bi etxe eraiki ahalko dira enkantean jarriko dituzten lursail horietan; interesa dutenek udaletxean jaso dezakete informazio guztia.

Gazteluko Udalak bi lursail enkantean jarriko ditu, horietako bakoitzean bi bizitzako etxe bana eraikitzeko. Etxebizitza bakoitzak 110m2 izango ditu, bi solairutan banatuta, eta inguruan lursaila izango du.

Urteak atzera eginda jarri zuen abian udalak Erbian Errekako proiektua. Hiru etxe eraikitzeko aukera zabaldu zen garai hartan eta bakarra eraiki zen. Orain, proiektuari jarraipena emateko asmoz, beste bi etxeak eraiki nahi dituzte, guztira, lau etxebizitza. Lursailaren aldamenean dagoen Osingoien baserria berritu zenean, ingurua ere urbanizatu egin zuten, beraz, errepidea du aurrealdean, bere espaloiarekin.

Etxebizitza tasatuak izango dira eta baldintza nagusia lehen etxebizitza izatea izango da. Etxe bakoitzak bi bizitza izango ditu, ezker eta eskuin. Bakoitzak 110m2 izango ditu erabilgarri bi solairutan banatuta. Goiko solairuak balkoia izango du eta behean, etxe bueltan, lursaila izango du. Etxeak eraikiko diren lursail bakoitzak guztira 850m2 inguru ditu.

Interesa dutenek, Gazteluko udaletxera deitu dezakete, zehazki, 943 20 52 00 zenbakira. Udaletxea honako ordutegian egoten da zabalik: astelehenetan eta ostegunetan 08:00etatik 15:00etara, eta astearteetan 08:00etatik 14:00etara. Edo bestela, mezu bat bidali daiteke udala@gaztelu.eus helbidera. Hilabeteko epea egongo da apuntatzeko. Izena ematen dutenekin udala bera jarriko da harremanetan, eta informazio eta xehetasun guztiak emateko bilera bat deituko du ondoren.

Proiektuan parte hartzen duten familia kopuruen arabera eraikiko dira etxeak, bat ala bi. Etxe bat eraikitzeko gutxienez bi familiek eman beharko dute izena.

Etxeek egitura fisikoa eta estetikoa proiektuan zehaztutakoa mantenduko dute, eta bestelako aldaketak, etxe barruko antolamendua esaterako, bakoitzak nahi duen moduan egiteko aukera izango du. Udalak, lursaila eta proiektua jarriko ditu interesa duenaren eskura, eta interesatuaren kontura joango da enpresa eraikitzailearekin harremanetan jarri eta etxea eraikitzea.

INGURU ZORAGARRIA

Lasaitasun handiko eremua da Gaztelu. Ingurune zoragarri batean dago kokatuta eta mendia eta natura oso eskura ditu. Gazte eta haur asko bizi da egun, eta bizia duen herri bat da. Udalak ere horixe eskatu nahiko lieke bertan bizitzeko hautua egiten duten herritar berriei: Gazteluko herritarrak izatea, bizitza bertan egitea, bertakoaz gozatzea.

Hamar minuturen azpitik dago Ibarra autoz eta hamar minuturen bueltan dago Tolosan ere. Esku-eskura daude beraz, bestelako zerbitzu guztiak ere.

Pandemia garai honetan, bizitzeko moduak planteatzera eraman du jende asko. Non bizi gara? Nola bizi gara? Balorean jarri da herri txikietan, berdez inguratuta, bizi ahal izatea, eta horixe du eskaintzeko Gazteluk ere: lasai bizi ahal izateko gune eder bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!