Ekologikoa; moda hippy bat edo behar bat?

Modak aldi baterako irauten duten ohitura edo joerak dira. Elikadura nahiz eta lehen mailako behar bat izan, modak irentsi egin du. 

Gaur egun milaka dieta topa ditzakegu, denak zein baino zein muturrekoagoak; batzuetan proteina soilik jaten da, besteetan zerealak eta beste batzuek irabiakiak edo barritak dituzte oinarri. Gauza bera gertatzen da jakiekin; soja-edariak, haragia ordezkatzeko proteina begetalak, eta askotan entzun dut produktu ekologikoen kontsumoa ere hippyen kontua dela, baina zer da Ekologikoa? EKO moda bat al da?

Euskal Herriko filosofo sudur-gorriek ederki definitzen dute; EKOLOGIKOA da LOGIKOA. Ekoizpen eredu honek naturaren logikari erantzuten dio; lurrari loturiko ekoizpena da eta lurrak ezarritako mugak errespetatzen ditu. Alde batera uzten ditu ekoizpena areagotzeko eta hazkuntza-prozesua azkartzeko produktu kimiko eta antibiotikoen erabilera, baita transgenikoena ere. Ekoizpen maila errealista onartzen du eta animalien ongizatea bermatzen du. Azken finean, orain arte politikoki bultzatu den ekoizpen-sistema intentsiboa baztertu eta gure aitona-amonek egiten zutena egitea da, nahiz eta une honetan ekoizpen jasangarria bermatzeko urgentziazko neurri zuzentzaile gisa ezarri nahi duten.

Baina sektoreak ez ezik, kontsumitzaileok ere galdu dugu erosteko logika. Gaur egun, nabarmena da esnea edo haragiaren kontsumoa ordezkatzen duten edari edo proteina begetalak kontsumitzea. Baina badakigu benetan zertan ari garen? Soja bezalako monolaborantzen helburua ahalik eta gehien, ahalik eta merkeen ekoiztea da; baina atzean arazo sozioekonomiko handiak dituzte. Oro har, kontsumitzen den soja guztia edo ia dena transgenikoa da, ereiteko haziak multinazional beldurgarri baten esku daude eta horrek nekazariak muturreko menpekotasun egoeran ezartzen ditu. Bestalde, eraldaketa genetikoari esker, landarea herbizida kutsatzaile eta kantzerigeno bati erresistentea egin dute; horrela, Argentina, Brasil edo Ameriketako Estatu Batuetan landatutako milaka hektarea produktu kimiko horrekin estaltzen dituzte airez, soja ez den bestelako landareak akabatu eta konpetentzia deusezteko. Tamalez, inguruan, lurrean, erreketan, zein soja-landarean bertan, degradatzen ez den herbizida horren hondakinak metatzen dira eta horrek denborarekin kalteak eragiten ditu.

Ekoizpen-eredu ekologikotik pauso bat harago, eredu agroekologikoa dugu. Agroekologiak Europar Batasunak ezarritako ekoizpen arauak ez ezik bestelako faktore sozioekonomiko, soziopolitiko eta kulturalak aintzat hartzen ditu: baserritarren lan-baldintzak, giza neurriko ustialekuak, bide motzeko salmenta, landa garapena, elikadura burujabetza, baserritarren erabakitzeko gaitasuna eta abar.

Azken finean, garbi izan behar dugu elikagaiak diruz ordaintzen ez direnean, osasun zein ingurumen-kostu gehigarria dutela, eta, beraz, ezinezkoa da merkatuan jaki merkerik topatzea. Horregatik guztiagatik, eta moda bat ez delako, naturaren eta gizakiaren behar bat baizik, denon lana da logikaren hariari heldu, orain artekoa desikasi eta elikadura-sistema burujabe eta jasangarri baten alde egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!