Kulturari tartea eskainiko diote lau egunez Gaztelun

Irati Saizar Artola 2019ko azaroaren 6a

Bihar hasi eta igandera bitarte hainbat kultur egitasmo antolatu ditu Gazteluko Udalak; azken egunean, igandean, azoka berezia ospatuko dute goizean zehar.

Lau egunetarako kultur egitaraua osatu dute Gaztelun. Kultur asteburua deitu badiote ere, bihar hasiko dira ekitaldiak, eta igandean emango diote amaiera. Azken urteetan bezala, aurten ere azokarekin itxiko dute asteburua.

Haur, gazte, zein helduentzat pentsatutako ekitaldiak antolatu ditu Gazteluko Udalak. Kultur asteburuaren baitan, gastronomiari tartea eskainiko diote, bakoitzak etxean egindako pintxoak dastatuko baitituzte ostiralean, Erroizpe Azpiko Kirol eta Kultur Elkartean. Kirola egiteko ere aprobetxatuko dute, historia uztartuz. Horretarako, mendi irteera antolatu dute Lartera larunbaterako. Musikak ere izango du bere lekua: Orkestrina Band Jazpana taldeak eta Euskal Barrokensemble taldeek kontzertuak eskainiko dituzte ostiral eta igandean. Eta mahaiaren bueltako hitzorduak ere izango dituzte.

Euskara ardatz

Herritarrak kontzientziatzeko eta Tolosaldeko euskaltzaleak ahalduntzeko herriz herriko hitzaldi zikloa egiten ari da Galtzaundi. Hala, Gaztelun izango da Euskaraz bizi ahal gara! hitzaldia, bihar, 17:30ean.

EGITARAUA

Azaroak 7, osteguna

17:30. Euskaraz bizi ahal gara! hitzaldia, eskolan, Galtzaundi Euskara Taldearen eskutik.

Azaroak 8, ostirala

20:00. Pintxo dastaketa Erroizpe Azpiko elkartean (bakoitzak hamarna pintxo eraman beharko ditu).

Jarraian. Orkestrina Band Jazpana taldeak kontzertua, plazan.

Azaroak 9, larunbata

10:30. Ibilaldia Lartera, Luis del Barrio historialariarekin, burdin aroko hilobiak ezagutzera.

15:30. Serigrafia tailerra.

17:00. Txokolatada.

18:00. Kontukantoi ipuin-kontalari saioa haurrentzat, eskolan, eta bitartean, Olentzeroren jaia: nondik dator eta nora goaz kafe-tertulia Olentzeroren Basoa ekimeneko lagunekin.

21:00.Kantu-afaria.

Azaroak 10, igandea

10:30.Euskal Barrokensemble taldearen kontzertua elizan.

11:30.Azokaren irekiera herriko dantzariekin.

13:30.Jubilatuen bazkaria egingo dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!