Zinegotzi izatetik alkate kargua hartzera pasa da Edurne Gartzia (Tolosa, 1974). Herriaren alde gauzak egiteko gogoz daudela adierazi du.
Hilabete batzuk badaramatzazu alkate karguan. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Denbora gutxi daramagu, baina iraila lan gehiagorekin hasi dugu, uda atzean utzita. Ni ez nago liberatuta, beste lan bat daukat, familia ere badaukat, eta neurria hartzen ari naiz.
Lau urtean zinegotzi aritu ostean, alkate kargua hartu duzu. Zer dela eta?
Herrian ekintzak egiten ditugunean jendea konprometitzen da, baina, zailagoa da lau urterako jendeak udaletxean lan egiteko konpromiso hori hartzea. Egia esan, ordea, aurreko lau urteak udalean egoteak lagundu egiten du.
Hauteskundeetan bost zinegotzitatik bostak eskuratu zituen EH Bilduk, estreinakoz. Zer balorazio egiten duzue?
Alde batetik, oposizio bat egotea aberasgarria egiten zaigu. Gertatzen dena da, Gazteluk eduki duen oposizioa oso gogorra izan dela. Udaletxeak egiten duen guztia zalantzan jartzen. Alde horretatik lasaiago gaude.
Auzibideetan urteak pasa ditu Gazteluk. Nolakoa da egungo egoera?
Martxoan atera zen azken epaiketaren emaitza udaletxearen alde. Oposizioaren joera, hirigintzarako egiten diren gauzak zalantzan jartzea izaten da. Argi geratu da udalak gauzak ondo egiten dituela eta horretan jarraituko dugu.
Herria bi zatitan banatuta dagoenaren sentsazioa duzue?
Bai, bi zatitan dago. Herri txikiak izanda, pentsa daiteke lur kontuak edo familiako kontuak izan daitezkeela. Kasu honetan, ez dut horrela ikusten. Oposizioaren aldetik estrategia oso gogorra izan da, etengabeko judizializazio bat egon da. Gure ustetan, horren atzetik EAJ dago. Udalean egon gara berez gazteluarrak ez garen batzuk, baina Gaztelun bizi garenak. Lana egiterakoan neutraltasun hori ematen saiatu gara.
Etorkizunean herria bat eginda ikusi nahiko zenuke?
Bai, azkenean, hori da helburua. Nahiko genuke gure seme-alabak Gazteluz harro sentitzea, eta nik ere hala sentitu nahi nuke.
Gaztelu bizi baten alde lanean jarraitu nahi duzuela esan duzue. Zer da lortu nahi duzuena?
Gaztelun bizi garenok Gaztelun bizi nahi dugu. Herri txikia izanda, gehiengoak lana ez du herrian bertan egiten. Herriari bizitza eman nahi diogu: ekintzak egin nahi ditugu herrian eta harremanak bideratzeko lekuak eta espazioak sortu nahi ditugu. Harremanak lantzen baditugu, pixkanaka bi zati horiek enpatia bila dezatela nahi dugu.
Horren baitan, proiektu konkreturik baduzue eskuartean?
Apustu bat daukagu ostatua irekitzearekin. Aurreko agintaldian ere saiatu ginen eta indarra jarri nahi dugu honetan ere. Ez da erraza horrelako herri txiki batean ostatua irekita mantentzea. Lan asko egin behar da eta herritarrek ekarpena egiteaz gain kanpoko jendea ere behar duzu. Elkargune fisiko bat izango litzakeen zerbait nahi dugu; irekita egongo dena eta ekintza desberdinak egingo direna.
Biztanleriari begira, zein da argazki orokorra?
Adin ezberdineko haur asko daude. Eskolatik ateratakoan, adibidez, badago momentu bat haur gehienak plazan elkartzen direna. Baina, badago adin tarte bat, Tolosara jaisten hasten direna. Gaztelun elkartzeko joera hori galdu egiten da adin tarte horretan, eta buelta batzuk eman nahi dizkiogu gaiari.