"Auzibideak utzita, elkarbizitzaren alde" lanean jarraitu nahi du Gazteluko EH Bilduk

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 4a, 12:24

Erbian Errekako proiektuaren auzian, martxoan absolbitu zituen Gipuzkoako Auzitegiak Gazteluko lau hautetsi ohi. Auzibidearen kaltea salatu eta elkarbizitzan sakonduko dutela adierazi dute bertako hautetsiek eta herritarrek, eskualdeko EH Bilduren babesarekin.

Zazpi urteko auzibidea aldeko ebazpen irmoarekin amaituta, Gazteluko EH Bilduk herrian jasan duten "etengabeko judizializazioa" salatu du, koalizioko eskualdeko ordezkariekin batera egindako agerraldian.

1998ko Gazteluko Udalak kultur etxea itxi zuenetik, epaiketa askori aurre egin behar izan diete. Harrobiaren inguruko auziko "kostu ekonomiko izugarriak" ekarri zituen gogora, besteak beste, Eider Olazar herritarrak. Administrazio bidetik kudeatu beharreko arazoak epaitegietara iritsi izana gaitzetsi dute, baita horrek eragindako "isun handiak, herritar askoren aurako salaketak, eta hainbat komunikabideren desinformazioa" ere.

Gazteluko Udaleko oposizioko Udaberri taldea egin dute "auzibide horien guztien arduradun", eta EAJren erantzukizuna ere salatu dute: "Jakin badakigu EAJren babesa eta bultzada izan dutela. Hemerotekara jo besterik ez dago". Mikel Belloso Gazteluko alkate ohiak gogora ekarri du Udaberrik Erbian Errekako etxeen eraikuntza salatu zuela 2011n: "Neu, eta Aitziber Barandiaran, Patxi Iturriaga eta Joana Mendez zinegotziak salatu gintuzten prebarikazioa eta funts publikoak bidegabe erabiltzea leporatuta. Xabier Otaegi idazkariari dokumentuak faltsutzea egotzi zioten, eta etxeak egin zituen Otegi eraikuntzak enpresako buru Juan Joxe Otegi gazteluarrari funts publikoak bidegabe erabiltzea". Batzuen aurka 12 urte arteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu zuten.

Martxoko ebazpen irmoa, ordea, auzipetuen aldekoa izan zen: "Epaileak argi esan du Gazteluko Udalak, orduko arduradun politikoek nahiz udal langileek, baita eraikuntza enpresak ere, ongi jokatu zutela. Are gehiago, herritarrak herrian bizitzen geratzeko helburuz Erbian Errekan egindako urratsak beste herri askotako berdinak direla nabarmendu zuen fiskalak".

Zazpi urteko auzia "luzea eta mingarria" egin zaie Gazteluko hautetsi ohiei, baina baikor daude, epaitehiak arrazoia eman izana horretarako motiboa iruditzen zaie. hala ere, etengabeko auzipetzeen ondorioz, azken hamabost urteotan, Gazteluko Udalak 200.000 euro baino gehiago xahutu behar izan dituela salatu dute: "Diru horrekin herriko behar asko bidera zitezkeen. Erbien Errekako auzia ez da lehenengoa, ezta azkena ere, Udaberri taldeak ildo beretik jarraitzen baitu".

Aurrera begira jarri nahi dute orain gazteluarrek: "Argi dugu gure herriak ez duela merezi halako etorkizunik. Udalaren kudeaketa zintzoa eta garbia izan da, eta hala izaten jarraituko du. Elkarbizitzaren eta herri giro atseginaren alde lanean jarraituko dugu. Gaztelu bizi batean sinesten dugulako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!