Jana eta edana ez dira plazer hutsa

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Zubiria Ibarguren 2019ko irailaren 14a

Iritsi da sagardotarako sagarra biltzeko urte sasoia eta, honekin batera, Jakoba Errekondok argitaratutako artikulu batean edari honi eginiko deskribapena berreskuratu nahi izan dut:

«Sagardo hitza gaur egun ez da edari baten izen hutsa. Sagardoa aipatzeak, joera zahar eta berriak dakartza… Sagardoa ohitura zaharrak dira; txalapartaren oihartzunen buelta. Sagardoa, bertsozale guztiak ase eta freskatzen dituen iturria izateaz gain, bertsoa da. Sagardoa azti, sorgin-pitargile eta modernoen edaria da. Sagardoa, kaletarren inbidia eta baserritarren gutizia ohoretsua da. Sagardoa magia da» (Jakoba Errekondo, 1990).

Euskaldun gehienon ezaugarria da; jana eta edana ospakizun eta plazerekin lotzea edo, alderantziz, ospakizunak jana eta edanarekin. Baina baserriko altxorrek, plazerak ez ezik, bestelako ekarpenak ere egin dituzte historian zehar. Horietako bat aski ezaguna da; Euskal marinelen sekretua.

Aurkikuntzen aroak (Amerikaren aurkikuntza) itsas abentura berrietan murgildu zituen euskal arrantzaleak, eta haien nabigazioak gero eta luzeagoak egin. Itsasoan igarotako egunak ere areagotu egin ziren, eta horrekin batera arazoak. Zailtasunetako bat itsas gizonen egarria asetzea zen, kupeletan jasotzen zuten ur gozoa usteldu egiten zelako. Behar existentzial hori asetzeko, marinelak alkoholdun edariak eramaten hasi ziren euren bidaietan; euskaldunen kasuan, sagardoa. Sagardoak, dituen ezaugarriei esker, egarria asetzeaz gain, eskorbutoa ekiditen laguntzen zien euskal nabigatzaileei. Eskorbutoa C bitaminaren gabeziak eragindako gaixotasuna da, eta heriotza asko eragin zituen marinelen artean; euskaldunak, ordea, sagardoarekin babesturik zeuden, eta hortik etorri zen, indartsu eta gogorrak izatearen ospea.

Gaur egungo testuinguruan, ordea, janak eta edanak bestelako esanahia du: edozerk balio du poltsikoa gutxi astindu eta, nolanahi, esperotako plazera asetzen badu, nahiz eta, aldi berean, gero eta entzunagoa den «jaten duguna gara» esaldia. Nik ezin dut aurrekoa baieztatu, ez baitut horren inguruko ikerketarik egin, baina historiak garbi utzi digu jaten dugun horrek eragin zuzena duela gugan, onerako zein txarrerako, eta ez soilik osasunean, inguratzen gaituen sisteman ere bai.

Jakobak esan zuen bezala, sagardoa baserritarren gutizia da, egun kaletarrok gozatzen duguna; baina, zer gertatuko da urte gutxi barru, baserririk ez bada gure inguruetan? Baserriak desagertzearekin batera, euskaldunon altxor asko galduko dira, ahora sartzen ditugun elikagaien kalitatea ez da berbera izango, eta jasaten dugun estresetik babesten gaituzten landa eremuak ez dira existituko, edo ez dute egungo izaera mantenduko. Eta noren esku dago hori? Kaletarron esku.

Jana eta edana ez dira bigarren mailako beharrak, eta politika ez da lau urtean behin bozkatuz soilik egiten. Janak elikatu egiten gaitu, baserriek ingurua eraiki eta mantentzen dute, eta erosketekin politika egin eta elikatuko gaituen sistema aukeratzen dugu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!