Gazteluko jaiak 2019

Herri txikia, baina festa handiak

Irati Urdalleta 2019ko abu. 12a, 17:00

Uztailaren 13a, 14a eta 15a festa egunak izango dituzte Gaztelun. Berrikuntza handirik gabe, baina ekitaldiz beteta datoz aurtengo Ama Birjinak.

Tamainaz txikia da Gaztelu eta festak ere beste herrietan baino motzagoak izango dituzte, baina ekintzaz bete-beteak.

Ama Birjin eguna eta bezpera badira ere egun handiak, abuztuaren 13an hasiko dituzte festak 21:00etan egingo den barrikotearekin eta udako zinemarekin.

Hurrengo egunean, festa lehertuko da eta herriko emakume baserritarrek izango dute ardura hori. Ondoren, txikienen txanda izango da dantza emanaldia egingo baitute, eta puzgarrietan tirolinan eta zaldi gurdian ere ibiliko dira. Hurrengo ekintza ere beraientzat izango da: kamiseta serigrafia. Bakoitzak bere kamiseta txuri edo kolore argikoa eraman beharko du eta nahi duen diseinua egingo du bertan. Goiza jolasean pasa ondoren, 13:30ean bazkalduko dute haur eta gazteek. Arratsaldean ere ez dute aspertzeko tarterik izango 16:00etan hasiko den bizikleta jolasarekin eta jarraian egingo diren txokolate janarekin eta apar festarekin. Iluntze aldera, helduak batuko dira festara. 21:00etan herri afaria egingo dute eta irrintzi onena nork botako ariko dira jarraian. DJ Koolen emanaldiarekin eta ondoren egingo den karaokearekin festa eta umorea nagusituko dira Gaztelun.

Bezperako ajea usatzeko onena festan goizean goizetik sartzea da. Eta hori egingo dute Gaztelun. Herritarrak diren Inma Matzinandiarena eta Amaia Saralegi txistulariekin diana egingo dute. Ondoren, meza eta hamaiketakoa egingo dituzte eta pilota partida ikusteko aukera ere egongo da. Toka txapelketaren ondoren, kirolaren txanda izango da. Herri kiroletan herriko gazteak segan, trontzan eta aizkoran jardungo dira eta Ostolaza aita-alabek harria jasoko dute. Jarraian, aldarrikapenari egingo diote tartea eta 47ak eta besteak herrian lelopean argazkia aterako dute. Iluntze aldera ere ez da festarik faltako. 19:00etan txarangak alaituko du Gazteluko plaza eta gosetu denak afaria zain izango du 21:00etan.

Herriko festak amaitzeak tristura eragiten die askori, baina Gaztelun ondo asko dakite umoreak nolako garrantzia duen, eta festak barrez amaitzea erabaki dute. Horretarako, Txikiren 40 urte eta aldapan behera niek bakarrizketa izango dute.

EGITARAUA

ABUZTUAK 13, ASTEARTEA
21:00.
Barrikotea eta udako zinema.

ABUZTUAK 14, ASTEAZKENA
12:00.
Txupinazoa, herriko emakume baserritarren eskutik.
Ondoren.
Herriko haurren dantza emanaldia, puzgarriak, tirolina eta zaldi gurdian ibiltzeko aukera.
13:00.
Kamiseta serigrafia.
13:30.
Haur eta gazteen bazkaria.
16:00.
Bizikletarekin jolasa.
Ondoren.
Txokolate jatea eta apar festa.
21:00.
Herri afaria frontoian.
Jarraian.
Irrintzi lehiaketa.
23:30.
DJ Kool.
Ondoren.
Karaokea.

ABUZTUAK 15, OSTEGUNA
10:30.
Diana herriko txistulariekin.
11:00.
Meza.
Ondoren.
Hamaiketakoa.
12:00.
Pilota partida.
13:00.
Toka lehiaketa.
18:00.
Herri kirolak. Herriko gazteak segan, trontzan eta aizkoran eta Ostolaza aita-alabak harri-jasotzen.
Ondoren.
47ak eta besteak herrian lelopean argazkia.
19:00.
Txaranga plazan.
21:00.
Afaria.
Ondoren.
Txikiren bakarrizketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!