Goikoetxearen alde elkartzeko deia egin dute gaurko

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 3a, 12:28

Andoni Goikoetxea gazteluarraren atxiloketaren ondotik, elkarretaratzea egingo dute Gazteluko plazan, gaur, 19:30ean.

Andoni Goikoetxearen atxiloketa salatzeko osoko bilkura egin zuten asteartean, Gaztelun. Atxiloketa eta espetxeratzea gaitzesteaz gain, deialdia luzatu zieten herritarrei gaurko: eskualdeko hautetsi eta herritar guztiekin elkarretaratzea egingo dute Gazteluko plazan, 19:30ean.

Herritarraren espetxeratzea «konponbidearen eta bizikidetzaren aurkako eraso argia» izan dela adierazi zuen Gari Aranzabal Gazteluko alkateak. «Andonirekin egin dutena ez da kontu isolatu bat. Iraganeko atxiloketak, jazarpena eta errepresioa erreproduzitu nahi dira, euskal jendartean gehiengoak bestelako urratsak eskatzen dituenean».

Euskal Herriaren aurka hartutako erabaki politiko bat izan dela azpimarratu zuten, «gatazka armatuak utzitako ondorioen konponbidea eta nagusiki herri honen burujabetza prozesua oztopatzeko asmoz». Oztopoak aipatzean, gogoan izan zituzten irailaren 16an epaituko dituzten beste 47 euskal herritar, tartean, bi eskualdeko, Ion Mintegiaga ibartarra eta Jesus Mari Aldunberri elduaindarra.

Herri bezala «urratsak ematea» dagokiela azaldu zuen, «herri gisa soilik lortu genezakeelako estatuari, eraso hauei eta etor daitezkeenei aurre egitea; izan kalean, izan lantegi zein ikastetxeetan».

Goikoetxeari animo eta babes osoa eskainiz amaitu zuten osoko bilkura. Eta bere senide zein lagunei elkartasuna eta laguntza guztia eskaini nahi izan zieten.

Apirilaren 24an sartu zuten espetxean gazteluarra eta zazpi urteko espetxe zigorra ezarri diote. Soto del Realgo (Madril) espetxean dago, behin-behinean. Bi hilabete egongo da bertan, eta ondoren litekeena da lekuz aldatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!