Gazteluko Andramari jaiak 2018

Haurren bizipozari heltzeko deia, Gazteluko jaien hasieran

Mikel Iraola 2018ko abuztuaren 14a

Hasi da hiru eguneko festa Gaztelun. Txupinazoaren ondoren, haurren dantza emanaldia izan da.

Iaz tortilla patata lehiaketa irabazi zuen Gardotza Adurriagak irakurri du aurtengo jaien pregoia: «Bihotz handiko herri txiki honetan bolondres lan bikaina egiten da, baita festetan ere, eta hori dena eskertzekoa da. Inguruan ditugun haur guzti hauek egunero erabiltzen duten ilusioa, gogoa eta bizipoza, ea guk, helduok, gutxienez festetan erabiltzeko gaitasuna erakusten dugun. Besterik gabe, ondo pasa, pasatu gabe eta gora Gazteluko festak!».

Txupinazoaren ondoren, herriko dantzariek emanaldia eskaini dute plazan. Tirolinan jauzi egiteko edota zaldiak gidatutako gurdian herrian zehar ibilaldi bat egiteko aukera izan dute gaztetxoek.

Arratsaldean ere ez dute aspertzeko betarik izango haurrek, apar festa eta txokolate jatea izango baitute. Gauean, berriz, herri afaria egingo dute. Tartean, irrintzi lehiaketa herrikoia izango da.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!