Biba, Hasier!

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 22a, 08:58

Hasier Etxeberria gogoan, ekitaldi berezia egin zuten atzo Elgoibarko musika eskolan: 

Martxoaren 29an urtea beteko da Hasier Etxeberria Gaztelun bizi zen kazetari eta idazlea hil zela. Etxeberria gogora ekarri asmoz, hainbat ekitaldi antolatu ditu Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak haren jaioterrian, Elgoibarren. "Urtea pasa da Hasierrek agur esan zigunetik, baina elgoibartarrok ez dugu ahaztu. Eta, gainera, ez dugu ahaztu nahi", azaldu dute euskara taldetik.

Ostiralean eman zitzaien hasiera Etxeberriaren omenezko ekitaldiei, Begia zulotik erakusketaren inaugurazioarekin. Hilaren 28ra arte Aitor Etxeberria, Edu Arrillaga eta Joxe Ramon Elortzaren lanak egongo dira ikusgai Elgoibarko Kultur Etxeko erakusketa-gelan, denak ere Hasier Etxeberriaren testuekin lagunduta.

BARREN astekarian ere gehigarri berezia argitaratu dute efemeride honen bueltan. Hasierren etxekoekin eta ingurukoekin erreportajeak osatu dituzte, erkidea nolakoa zen eta zer egin zuen hobeto jakiteko.

Atzo iluntzean, berriz, Biba Hasier! ekitaldi berezia egin zuten. Hasier Etxeberriaren gertuko lagunak gonbidatu zituzten ekitaldira, tartean Mikel Hernandez Abaitua idazlea, Joxerra Gartzia idazle, kazetari, publizista eta unibertsitate irakasle izandakoa eta Oier Arantzabal Hasierren azken proiektua izan zen Zuzeu atariko kazetaria. Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarrak ere bere oroitzapenak azaldu zituen. Urruzuno Literatur taldekoek, beriz, irakurraldiak egin zituzten Hasierren testuekin, eta Iban Urizar eta Aitor Nova musikariek girotu zuten ekitaldia.

Zuzeu atariak atzoko ekitaldiaren kronika ederra osatu du

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!