Elkartasunez jantzi da Gaztelu

Irati Saizar Artola 2018ko urtarrilaren 28a

Presoei babesa agertzeko keinuak egin dituzte Gaztelun; Elkartasun Eguna ari dira ospatzen. Euskal presoen urrunketa eta dispertsioarekin amaitzea, eta iheslari eta deportatuak etxeratzea eskatu dute. 

Milaka kilometrotara dauden euskal preso politikoei babesa adierazteko mezua ozen eta argi azaldu dute goizean Gaztelun: "Euskal presoen urrunketa eta dispertsioarekin amaitzea ezinbestekoa da, baita iheslari zein deportatuak etxeratzea ere". Euskal presoak eta haien ingurukoak egoera horretara eraman dituen urrunketa eta dispertsioa erabaki "maltzurra eta krudela" dela gogorarazi dute. Bide batez, erabaki horren ondorioz errepideetan hil diren 16 lagunak gogoan izan dituzte, baita atzo bertan Topaseko (Salamanka) espetxetik bueltan senideek izan zuten istripua ere.

Kilometroetan distantziak urruntzen dituen arren, presente izan dira Ana Belen Egues, Maite Aranalde eta Andoni Otegiren eskutitzak; euren senitartekoek irakurri dituzte. Elkartasun keinuen artean, azaroaren 27an espetxea atzean utzi zuen Andoni Goikoetxea gazteluarrari opariak egin dizkiote herritar eta bizilagunek, eta lore sorta bana eman dizkiete eskualdeko beste euskal preso politikoen senideei. Izan da bestelako keinurik: pilota partidak jokatu dituzte lehendabizi, eta txalaparta hotsek eta txikienen dantzek indarrak bidali nahi izan dizkiete euskal preso politiko guztiei. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!