«Abesti bati bizi berri bat ematea ere bada bertsio bat egitea»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ira. 21a, 07:34
Oier Aranzabal Lou Topeten bigarren diskoa, 'Abesti bat gutxiago', eskuartean duela.

Lou Topet taldeak Pete Seeger gogoan diskoaren emanaldia eskainiko du bihar ostirala, 20:00etatik aurrera Gazteluko leku berezienetako batean, elizpean. Oier Aranzabal (Zarautz, 1988) taldeko abeslari, gitarrista eta aho soinu jotzailea da.

Ez da ohikoa Gaztelun kontzertua antolatzea. Tokia ere berezia da, elizpea aukeratu baitute. Eta emankizuna bera ere badu kuriosotik. Lou Topet izango da bihar Gazteluko elizpean eta euren azken lana, Pete Seeger gogoan, eskainiko dute. Diskoaren bira bukatzear dira zarauztarrak. Gaztelukoa eta gero Bilbon izango dira eta azken kontzertua Donostiako Victoria Eugenian eskainiko dute abenduaren 27an. Seegerren doinuak itzuliko dira Victoria Eugeniara beraz, kantari estatubatuarraren emanaldi ezaguna eta 46 urte beranduago. Ez Dok Amairuk gonbidatuta egon zen Seeger Donostian eta kantaldi historikoa izan zen, poliziak antzokia inguratzen zuen bitartean eskaini baitzuen.

Zergatik Pete Seeger?
Pete Seeger gure musika imajinarioan oso presente egon da beti. Musika gure gustuen arabera egiten dugu, eta hortik atera zen 2015ean argitaratutako Abesti bat gutxiago diskoa. Harkaitz Cano idazlearekin batera bertsioei buruzko hausnarketa moduko bat egin genuen AEBetako folketik abiatuta. Entzuten  eta gustuko ditugun taldeen abestiak itzuli eta bertsioak egin genituen disko-liburu hartan. Lan horrek biltzen du zergatik erabaki genuen euskaraz abestu behar genuela eta ez ingelesez, zer den bertsio bat egitea... Bertsio bat egitea guretzat, etxebizitza bat okupatzea bezalakoa da, etxebizitza bat zeure egitea bezalakoa. Abesti hori zeure egitea da guretzat bertsio bat egitea. Abestiak hartu eta egiten zein desegiten aritu gara. Abesti bat gutxiagon Pete Seegerren abesti bat sartu genuen.

Eta Bilboko Loraldia iritsi zen...
Loraldia jaialdiak abesti horretatik eta bertsioen inguruko hausnarketatik abiatuta, Pete Seegerren inguruan omenaldi-kontzertu bat egitea proposatu zigun. Gonbita aukera bat bezala hartu genuen; Pete Seegerri omenaldia egin eta bide batez, Abesti bat gutxiago disko-liburuaren epilogo moduko bat egiteko. Hamabost abesti moldatu ditugu Pete Seeger gogoan lanerako, abestiak itzuli eta moldatu ditugu eta disko hartako jarraipen modukoa dela esan daiteke. Azken bi urte hauetan bertsioen inguruko hausnarketan ari gara. Interesgarria iruditzen zaigu. Bertsioak estigmatizatu izan dira gurean, berbenekin lotu izan dira, originaltasun faltarekin... Bertsioak oso originalak izan daitezkeela aldarrikatzen dugu. Omenaldi moduko bat ere izan daiteke horiek hartu eta euskarara ekartzea. Bizi berri bat ematea ere bada bertsio bat egitea.

Ez duzue edonor aukeratu.
Ez dugu guk aukeratu, berez etorri zaigu. Geure gustuko abeslarietatik abiatu ginen, kontraesan askorekin, eta galderak planteatzen hasi ginen. Zergatik aukeratu ditugu AEBetako abeslariak eta ez beste batzuk... Gure erreferentziak horiek direlako, onerako eta txarrerako.

Seegerren abesti ezagunenak aukeratu al dituzue?
Batzuk enblematikoak dira, baina ez guztiak. Denak dira ederrak. Oso gustura geratu gara egindako aukeraketarekin eta egindako lanarekin.

Harkaitz Cano idazleak berebiziko garrantzia du Lou Topet proiektuan, ezta?
Musikari guztiek egin dituzte bertsioak euren ibilbidean, puntualki edo ez. Lehen diskoan, laburrean, bertsioak jotzen genituen zuzenean eta horietako pare bat ingelesez, eta proiektu hau hortik sortu zen. Momentu batean hasi ginen galdetzen zergatik abesten ote genuen ingelesez, bertsioa abestia geure egitea bada. Harkaitzekin geratzen hasi ginen, abesti batzuk erakutsi eta itzultzeko... eta ikusi genuen hor bazegoela mamia.

Noiz sortu zen Lou Topet?
Aurretik ezagutzen genuen elkar, baina 2012an sortu zen Lou Topet. Gaur egun Oihan Larrañaga (baxua), Ander Zulaika (bateria), Rafa Rueda (gitarra eta ahotsa) –Unai Martinezen ordez sartu zen– eta ni neu (ahotsa, gitarra eta aho soinua) gara Lou Topet. Eta lan honetan Joserra Senperenak (pianoa) ere hartzen du parte. Oso ondo ezagutzen genuen elkar eta apurka apurka joan gara forma hartzen.

Eta zerk lotu zintuzten?
Komunean zerbait badugu da musikazaleak garela eta irekiak garela. Lou Topetek egia da, baditu bere ezaugarriak, baina berez hartu ditu. 2013an atera genuen lehen disko laburra, Esnatu dira, Jon Benito poetarekin elkarlanean, eta beste artista batzuekin Imanol Urbietaren omenezko diskoan ere hartu genuen parte. Harkaitz Canorekin bertsioekin jolasten hasi eta hortik iritsi gara hona.

Ezagutzen al duzue Gaztelu?
Hasier Etxeberria zenaren lankide eta lagun bezala sortu da kontzertua. Bere omenaldian izan nintzen eta horrela sortu zen hau. Egia esan gogo handia genuen horrelako kontzertu bat eskaintzeko eta gure borondatez atera da. Mimoz egindako formatuak maite ditugu eta Gaztelukoa horrelakoa izango da, kontzertu berezia izango da, ez dugu horrelako kontzerturik eman orain arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!