6 urteko espetxe zigorra ezarri diote Andoni Goikoetxeari

Ataria 2017ko irailaren 7a

Preso politikoa Parisen epaitu dute beste bost lagunekin batera; gazteluarrak uko egin dio epaiketara joateari. 

Atzo hasi zen Andoni Goikoetxea gazteluarraren eta beste bost lagunen kontrako epaiketa Parisen eta gaur eman du epaileak ebazpena. Gazteluarrari 6 urteko espetxe zigorra ezarri diote, beste hiruri ezarritako zigor berbera. Beste biri zazpi urteko espetxe zigorra ezarri diete. Epaiketan, prozedura korrekzionala baliatuz, gehienez 10 urteko zigorra ezarri ahal zieten. Goikoetxeak, epaitutako beste kide batekin batera, uko egin zion epaiketara joateari, atzo.

Fiskalak egindako zigor eskaerak besteak beste, erakunde armatua «lozorroan» dagoela eta «edozein momentuan» aktiba daitekeela argudiatuz egin zituen.  

Epaiketara joandako beste lau epaituek testu bat irakurri zuten herenegun, euren jarrera azalduz. Besteak beste, Euskal Herriko egoera politikoaren analisia egin zuten eta elkarrizketarako garaia dela nabarmendu nahi izan zuten. Era berean, Espainiako zein Frantziako gobernuei mahai batean esertzeko eta presoen zein iheslarien egoerari konponbidea emateko eskatu zieten.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua
Epaiketaren harira, Gazteluko Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak oharra kaleratu du, eta esan du «etorkizunean auzi politiko gehiago ez egoteko bidea amnistiaren aldeko borroka» dela.
«Amnistia da errepresaliatu politiko gehiagorik ez egotea ahalbidetuko duen alternatiba bakarra. Amnistiaren defentsa ez den beste guztia, haien askatasunaren zama osoa errepresaliatuen bizkarrean uztea izango da», gaineratu du mugimenduak oharrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!