Gazteluko Andramariak 2017

Bostekoa bizilagunei

Tolosaldeko Ataria 2017ko abuztuaren 15a

Txarama gailendu zaio Gazteluko taldeari, Andra Mari jaietako herri kirol desafioan; txalo eta oihuekin lagundu diete gainerako herritarrek.

Bizilagunei bostekoa ematea egokitu zaie, gaur, gazteluarrei. Bostekoa, bosteko proban: Txaramako taldeak irabazi du jaietako herri kirol desafioa, bost ariketako proban. Lokotx biltzean, txingan, zakua eramaten, trontzan eta korrika aritu behar izan dute bi taldeetako kirolariek, eta hiru itzuli osatu dituzte, guztira.

Eta, lagun arteko lehia horri esker, giro epela hartu du Gazteluko pilotalekuak, abuztuaren 15eko arratsaldeak gris aldera jo duen arren. Senide, lagun nahiz bizilagunak animatuz jardun dute ikusleek, eta norgehiagoka estu samar joan da, ia azken itzulira bitarte.

Postuak postu, ordea, proba amaierako kiroltasuna izan da arratsaldea biribiltzeko onena. Oholtzara igo dira guztiak elkarrekin, eta gaztetxoen sega erakustaldiaz gozatzen jarraitu dute, atertu duela probestuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!