Hasier Etxeberria hil da, minbiziak jota

Tolosaldeko Ataria 2017ko martxoaren 29a

Argazkia: EUSKONEWS. COM

Gaztelu izan du bizileku azken urteotan, idazle eta kazetari elgoibartarrak; 60 urterekin hil da.

Narrazio, nobela eta literatura jorratu zituen elgoibartarrak, eta baita hainbat sari irabazi ere: Bilintx haur eta gazte literatura saria (1987), Estatua baten historia lanari esker, Julene Azpeitia ipuingintza saria (1992) Aukera profesionala-gatik, Gabriel Aresti saria (1997), Ipuin postmoderno bat egin diot nere buruari liburuagatik eta Irun Hiria Saria (1999), Arrainak ura baino liburuagatik. Gainera, 1988an bere lehen eleberria idatzi zuen:Mugetan.

Kazetaritzaren esparruan, Rikardo Arregi kazetaritza saria irabazi zuen 1993an, eta Sautrela telebista saioari aipamen berezia eman zioten, 2012an, sariketa berean. Etxeberriak Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran ere parte hartu zuen, bera izan zen ZuZeu atariaren sortzaile.

1983. urteaz geroztik, ETBn aritu zen, Zopa haundi, Arkupe, Farenheit, Beti eskamak kentzen, Babel eta Ez dago larrosarik saioetan. Bere ikus-entzunezko ibilbidean, ordea, Sautrela literatur saioa izan du lanik nabarmenena; aurkezle eta zuzendari lanetan aritzen zen Etxeberria, eta Beñat Sarasolak ordezkatu du azken urteotan.

Tolosaldeari lotuta, gainera, 2014an Euskaldunak saioa ondu zuen, Gazteluko bizilekua elkarrizketa-gune bilakatuz. Tolosaldeko Atariak bere hitzei tartea egin zien orduan, programa hizpide.

Hasier Etxeberriak iaz jakinarazi zuen bere gaixotasuna, publikoki, eta zabalkunde handia izan zuen ZuZeu atarian idatzitako Minbizia dut artikuluak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!